Maider IANTZI
DONOSTIA

Euskara konpromiso zibiko gisa jarriko du Kontseiluak akordio berrian

2023ak euskararen eta hizkuntza politiken arloan eman zuena aztertu, eta 2024ko erronkak aurkeztu zituen atzo Kontseiluak. «Euskararen normalizazioa konpromiso zibikoaren parametroetan kokatzea eta onartzea jendarte osoaren zeregina da». Horixe da datozen hilabeteetan lortu nahi duen akordio soziopolitikoaren bizkarrezurra.

Kontseiluak jendarteko eragile ugariren aitzinean plazaratu zuen bere irakurketa, Donostian.
Kontseiluak jendarteko eragile ugariren aitzinean plazaratu zuen bere irakurketa, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Joan den urteko irakurketa eta ondorioak plazaratu zituen Kontseiluak atzo Donostian, erakundeetako, politikako, sindikatuetako eta jendarteko ordezkaritza zabal baten aitzinean. AEK-ko arduradun Aize Otañoren sarrera-hitzen ondotik, Idurre Eskisabel idazkari nagusiak eman zituen azalpenak. Elkarreko Joan Mari Larrartek iaz zendutako Xabier Mendiguren Bereziartu Kontseiluaren aurreneko lemazainari omenaldi txiki bat ere egin zion.

Hizkuntza politiketan jauzia egiteko eta adostasun soziopolitikoa lortzeko beharra diagnostiko guztietan azaltzen da, eta horretan ari da lanean euskalgintza. Euskararen kontrako oldarraldiak premia hori handitu du azken urtean. Eztabaida sozial aberats bat izan beharko lukeena judizializatua dagoela adierazi zuen Eskisabelek. Eztabaida ebatsi bat. Erran zuenez, eztabaidaren muina detektatzea ez da zaila: «Euskararen normalizazioari buruzko bi ikuspegi daude talkan. Horietako batean berdintzen da administrazioarekiko harremana eta zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izatearekin. Bada beste ikuspegi bat askoz ere esanahi sakonagoa hartzen duena: hizkuntz eskubideak bizimoduaren arlo guztietan gauzatu beharrekotzat hartzen dira. Zabaltze horrek hizkuntz eskubideen dimentsioa bera handitzen du eta indibidual izatetik kolektibo izatera eramaten du».

Alegia, «euskararen normalizazioa ez da euskaldunon, euskaltzaleen kontua, baizik eta jendarte osoarena».

Bi ikuspegi horien arteko talka gainditu edo, behintzat, eztabaidatu behar dela uste du Euskalgintzaren Kontseiluak. Batuz Aldatu dinamikaren bidez lan bat egina du, bi oinarriren gainean: ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilerarako eremu erosoak sortzea. Sinpleak dirudite, baina edukiz betetzen badira potentzialitate izugarria dutela defendatu zuen Eskisabelek. «Bereziki ezagutzaren unibertsalizazioa konpromiso zibiko moduan ulertzea da akordio horretarako funtsezko muin bat».

Horrek, batez ere, ondorengoak bide horretan jartzea eta bultzatzea erran nahi du.

«Euskararen normalizazioa ulertzen bada administrazioarekiko harremanera mugatua, gizarte segregaziora joango gara», ohartarazi zuen.

Bada beste elementu bat: «Ikusten ari gara mundu zabalean ere konpromiso zibikoaren eta norberaren ustezko askatasunaren arteko talka. Larrialdi klimatikoan, adibidez. Generoari lotuta ere bai. Eztabaida guztiek bi termino horiek gurutzatzen dituzte eta hizkuntzaren auzia ez dago honetatik kanpo».

ESTATUSA, ABIABURU

2023. urtearen errepasoa estatusaren garrantzia azpimarratuz hasi zuen Idurre Eskisabelek. Erran zuenez, prestigioan indarra emango liguke euskara Europan ofizial izendatzeak. Horretarako atea ireki da.

Euskararen aldeko politika publikoen ikuspegitik, atal garrantzitsuena plangintza dela nabarmendu zuen: tresnak, neurgailuak, baliabideak ezarri behar dira. Horixe da Ipar Euskal Herrian Euskal Konfederazioak Euskararen Erakunde Publikoari eskatu diona. Nafarroan, Gobernu akordioan euskararen plangintza desagertu da. EAEn, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana onartzeko bidean dago.

1.200.000 lagun gara euskara ulertzeko gai garenak: «Asko gara. Ezagutzan bagoaz, erabilerarekin sortzen zaigu beti arrakala. Baina hiztunen gaitasuna ikusita, erabiltzeko baldintzak ikusita, erabilera handia da. Hau da, borondate sendo bat dago oinarrian». Bada herri gogoa, eta hainbat ekimenetan islatzen da; adibidez, Korrikan.