Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Segurtasuna

Energia guneak” izenburua jarria zioten otsailaren 10etik aurrera Indiana Unibertsitateko Eskenazi Arte Museoak jaso behar zuen erakusketari. Azken horrek Samia Halaby artista abstraktuari AEBetan eskainitako lehen atzerabegirakoa izan behar zuen. Bere ibilbide luze eta oparoan, Indianan bertan zein Michigan State Unibertsitatean ikasle igarotako urteekin hasi eta Yale Unibertsitateko arte eskolan irakasle oso bihurturiko lehen emakumea izatera heldu arte, Halabyk egindako 35 artelan bilduak zituzten erakusketarako propio.

Abendu amaieran, baina, Indiana Unibertsitateak ekimena bertan behera uztea erabaki zuen “segurtasun kontuak” (palestinar artistak zentsuratzeko erakundeek gaur egun erabiltzen duten eufemismoa) argudiatuta. Aurreko astera arte, ordea, ez zen gertaturikoa arte munduko hedabideetara zabaldu.

Sistematikoa da Ipar Amerikan zein Europan palestinar sortzaileak isilaraztea, sistematikoa den bezala Israelek Palestinako lurralde okupatuetan kultura eta jakintza suntsitzea. Urritik hona etengabeak izan dira liburutegi, museo eta unibertsitateen kontrako erasoak, eraikinak lurrarekin berdindu artekoak. Non daude Palmiran Estatu Islamikoak eragindako suntsipenak amorrarazitako haiek? Kontua da, jakina, Palestinako historia eta kulturari baliorik onartzen ote zaien.