GARA
DONOSTIA

Tapia: «Kontsumitzen dugunaren ahalik eta gehien sortu behar da»

Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea «herri honek behar zuen lege bat» da, Arantxa Tapiaren ustez. Energia-burujabetzaren inguruan, subiranotasun osoa ezinezkoa dela dio eta, beraz, kontsumitzen dugunaren «ahalik eta gehien» ekoiztea dela bidea.

Arantxa Tapia sailburua, erdian.
Arantxa Tapia sailburua, erdian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea «herri honek behar zuen lege bat» da, Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren hitzetan. NAIZ Irratian egin zioten elkarrizketan esan zuen %100eko burujabetza energetikoa lortzeko helburua izatea gure burua «engainatzea» dela eta, beraz, kontsumitzen dugunaren «ahalik eta gehien» ekoiztea da bidea, bere ustez.

EAJ-PSEk eta EH Bilduk adostu zuten Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea, eta, araudiaren arabera, instalazio fotovoltaiko edota eolikoak ezartzen dituzten enpresek kanon bat ordaindu beharko dute. Sailburuak esplikatu zuenez, neurri honek dimentsio jakin bateko parkeei eragingo die, 5 megawattetik gorakoei, eta aerosorgailu edo plaka fotovoltaikoen kopuruaren araberakoa izango da kanonaren zenbatekoa. «Irabazien zati txiki bat eragindako herrientzat izango da. Jaurlaritzak jasoko du diru hori eta bideratuko du kaltea sortu den herrietan hainbat ekimen martxan jartzeko. Zer motatako ekimenak izango dira? Bada, betiere trantsizio energetikoari eta klima aldaketaren kontrako borrokari lotutakoak», adierazi zuen.

«Lurralde oreka» zaintzeko helburuz, trantsizio energetiko «justu» baten alde egiteko itua ere badu adostutako dokumentuak, «enplegua sortuz eta bizi kalitatea bermatuz», Tapiaren esanetan. Zeren, «ez badugu ezer egiten, gerta daiteke horrelako parkeak gero eta gehiago ipintzea eta landaguneetan bizi diren pertsonek beraien ingurua uztea eta beste leku batzuetara joatea», ohartarazi zuen.

KALTE-ORDAINAK

Euskal Herriko zenbait eremutan proiektatu diren parke eolikoek herritar andanaren protestak eragin ditu azken hilabeteetan, kalteak eragin ditzaketelakoan. Horren inguruan galdetuta, Arantxa Tapiak ez zuen ukatu proiektuok kalteak eragingo dituztela, baina esan zuen, legearen bitartez, eragin negatibo horien gaineko kalte-ordaina jasoko dutela parkeak instalatuko diren eremuan bizi diren herritarrek.

Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legeak ekarriko dituen garrantzizko beste berrikuntzetako bat izango da instalazioak ezartzen diren lurren %20 eragindako udalerriei eta tokiko enpresei eskainiko zaizkiela. Zehatzago, «biztanleei, enpresei, udaletxeei... han inguruan daudenei eta interesa dutenei» eskainiko zaie lur zati hori, Lakuako sailburuak argitu zuenez.