Iker GURRUTXAGA
DONOSTIA
Entrevue
Gorka urbizu
Musikaria

«Behin eta berriz entzunda, gauza berriak azaltzen dira diskoan»

Taldea lehen disko luzea kaleratu eta 30 urtera dator Gorka Urbizu Ruizen (Lekunberri, 1977) bakarkako lehen lana, «Hasiera bat». Jordi Matas eta Joan Pons izan ditu bidelagun eta hamar kantu ondu dituzte Herrialde Katalanetako Guissona herrian. Horiek aurkeztu zizkigun Urbizuk Donostiako GARAren erredakzioan izandako solasaldi akustikoan.

(Aritz LOIOLA | FOKU - Ibai ARRIETA)

Zer moduz zaude?

Ongi, urduri samar, elkarrizketa emateko prest. Eskerrik asko gonbidatzeagatik eta zorionak GARAri 25 urte hauengatik eta beste asko etor daitezela.

«Hasiera bat» diskoaz hitz egiteko etorri zara. «Maitasun bat» kantuarekin hasten da. Soul ukitu nabarmena du.

‘Souleroa’, bai, badu puntu hori. Nik esaten dut kea duela kantu horrek, hasierako akorde horiek eta… Irakurri dut nonbait ukitu jazzy bat ere ba ote duen. Jordi Matas ekoizlea jazz mundutik datorren gitarra-jotzailea da eta bere ukitua badago hor, ezta?

Hasiera misteriotsu samarra da eta letrak ere eramaten zaitu halako bide batetik, moskeante samarra, diskoa irekitzeko sarrera enigmatikoa iruditu zitzaidan.

Hasieratik intentzioa garbi, baxuaren eta bateriaren garrantzia, lehortasun hori…

Gauza gutxi neuzkan argi, baina bat bazen halako baxu bat nahi nuela, oso presente eta jostari egongo zena eta ez hainbeste oinarri musikal edo erritmo oinarriari hain lotua egongo zena. Beste baxu mota bat nahi nuen. Nik uste dut sekulakoa izan dela Jordiren ekarpena disko honetan, bai ekoizle gisara, baina baita baxu-jotzaile bezala ere.

Ahots geruza batzuk badaude, koro batzuk ere bai… Denok abestu duzue?

Joan Ponsek eta Jordi Matasek bai, baina, bueno, ahots gehienak nik sartu ditut. Baina justu lehen abesti honetan denok abesten dugu. Erdi jostaketan hasi ginen, bazkalaurretik, proba batzuk egiten bakoitzak nahi zuen nota hartu eta horren gainean inprobisatzen. Ez dakit zenbat hartualdi egin genituen eta esan genion geure buruari, «bueno, hau landu egin behar da». Baina, bazkaldu eta grabatutakoa entzuten hasi eta bata bestearen gainean jarri genituen eta halako nebulosa eder bat sortu zela ikusi genuen. Iluntasun puntu bat ematen zion zati horri, ni mantra hori, «itsuaren eskuaren pareko izan», errepikatuz ari bainaiz atzetik. Hortaz, proba bat zena horrela geratu zen.

Mantra horri erreparatuz, sentitzeaz ari zara, ezta?

Ari naiz eta ari naiz bilatzeaz ere bai. Urteak ibili naiz haztamuka bilatzen, hemendik eta handik probatzen, kontzertuak ikusten, irakurtzen, bidaiatzen… ibili naiz halako bilaketa batean honaino iristeko, ezta? Sentsazioa dut ez direla lau urte izan, baizik eta ibilbide osoa behar izan dudala horrelako biluzte ariketa bati aurre egiteko, ausardia hori edukitzeko kantuak soiltasun horretara eramateko. Kantuak hustu eta hustu ibili gara, apustu estetikoa hori izan da disko honetan, biluztea eta biluztea. Baina badute arima kantuek.

El Petit de Ca L’Eril taldekoekin elkartu zara, haien etxean, antzoki berezi horretan. Tokia bera, nolakoa zen? Uda sasoian egiten zuen berotik babesten zineten bertan?

Lleidako Guissona herrian dago, La Segarra bailaran. Haiek diote Katalunian inork bizi nahi ez duen tokian dagoela; ez dago ez errekarik ez mendirik, azarotik martxora halako laino baten azpian bizi dira. Herriko plazan dagoen masia moduko etxe bat da antzokia dagoena, XVI. mendekoa; sartzen zara eta bertan patio eder bat dago. Barrura iritsi eta 1904ko antzoki zahar bat dago bertan. Ez da estudio bat, antzoki bat da, eta ez ginen eszenatokian jarri, baizik eta publikoa kokatzen den tokian; manpara batzuekin-eta set bat muntatu genuen. Kontrola koruan dago, hau da, bigarren soilaruan, eta hori ez da oso egokia izaten. Gero, ez dago intsonorizatuta; beraz, kaleko jendea entzuten da, ezkilak orduero, txakurrak… eta hori dena diskoan dago. Guissonan, gainera, ez dakit zenbat hizkuntza entzuten diren, eta horiek guztiak ere badaude hor.

«Toki bat» kantura salto egin dezagun, gitarren artean sortu duzuen elkarrizketa zoragarria baita. Halakoak nola sortzen ziren, elkarri begira eta aurrez aurre jarrita?

Elkarri begira, bai. Kantu hau bai biluztu dugula, zati horretan gitarrak badaudelako baina estrofetan baxua eta bateria soilik utzi ditugulako. Kantu oso gitarreroa zen sorreran, oso Neil Young, ez badirudi ere. Baina kentze eta huste ariketa horretan hasi ginen eta muturrera eraman genuen abesti honetan eta pixka bat Sleaford Modsen ukitua bazuela ikusten genuen, nahiz eta haien musika zeharo bestelakoa den. Hemen gitarrak kendu eta sartzen zirenean nabarmentzea zen nahia, eta halako ariketa dezente egin ditugu diskoan. Hemen neronek proposatu nuen bataren eta bestearen arteko jokoa egitea. Abesti batzuk hirurok batera jota grabatu ditugu eta beste batzuetan oinarriak grabatu eta gitarrak beste alde batetik grabatu ditugu, baina halako elkarrizketa bat bezala, biak batera, anplifikadore bat bestearen parean jarrita, eta baten soinua bestearen mikrofonotik sartzen zela. Hortaz, batek gaizki jotzen bazuen, bestearen mikrofonoan sartzen zenez, berriz grabatu behar izaten zen. Normalean ni izaten nintzen akatsa egiten zuena, kar-kar.

Hori izan da beste berezitasunetako bat, ezta? Zortzi pistako gailu batekin grabatzearena, ahalik eta zuzenen grabatuz guztia, baina «recording»-ak egongo direla ulertzen dut.

Bai, noski, badaude, badaude. Kantu batzuk egokiagoak ziren zuzenean grabatzeko eta garrantzitsuagoa zen bibrazio hori, unea jasotzea; ‘‘Janela bat’’, ‘‘Besterik ez’’ eta ‘‘Etxe bat’’ abestietan kasu. Hiru bateria-jotzaile izan dira diskoan eta horrek ere baldintzatu du pixka bat besteen grabaketa, erritmikoki dauden gauza desberdinak egin direlako. Dena dela, hasiera batean, badirudi diskoa oso oinarrizkoa denez ez dela entzunaldi askorik behar, baina behin eta berriz entzunda gauza berriak azaltzen dira zure belarrietan.

Adinaren kontuak ere badaude, diskoan, letretan batez ere, baina soinuan ere esan daiteke halakorik gertatu dela? Hasi zinenean zein gitarra mota erabiltzen zenuen eta gaur egun zerekin grabatu duzun ikusita, aldea izugarria delako, adibidez.

Geroz eta zaharragoak, ezta? Nire lehenengo gitarra elektrikoa izan zen Ibanez bat, Aitor Gorosabelek Ibanez bat zeukalako. Nire lehendabiziko soldatekin-edo lortu nuen. Gero ez naiz horren frikia gitarren kontuarekin, eta baditut e? Baina nire gitarren inguruan irakurri izan ditut hainbat kontu sekula ere egin ez ditudanak, kustomizazioak eta halakoak. Badakit zer gustatzen zaidan eta, batez ere, zer ez zaidan gustatzen, baina bai, garapen bat egon da, ibilbide musikala errepasatzen baduzu ez da gitarretan soilik, ezta? Baina disko honetan gehien erabili dugun gitarra da Gild zahar bat, 50eko hamarkadakoa-edo. Gaur erabili dudana 1962koa da. Norbera baino zaharragoak diren gitarrak erabiltzen ditugu adin batetik aurrera. Badute zerbait, erromantikotik ere bai, baina zentzua zeukan halako toki batean eta musika mota hau egiteko halako instrumentua erabiltzeak.

«Janela bat». Euskal Herrian dago leiho hori?

Bueno, leiho hau egon daiteke edozein tokitan. Zaintza kantu bat ere bada, irudika dezaket gaizki pasatzen ari den pertsona bat alboan zaindariekin edo konpainiarekin.

Gaizki dagoen horrek, ordea, kanpora begiratzean beste norbait okerrago-edo ikusten du. Langile kontzientzia ere ikusten dut hemen.

Bai, esaten dudanean «beste bat gu baino lehenago altxatu da», ezta? Hor bazegoen mezu bat, zuk esaten duzunaren bueltan. Halako batean ohartu nintzen zeinen erraz ahazten ditugun pertsona horiek edota horien kontra aritzen direnak; Ibarrola Iruñeko alkate ohiak botatakoak adibide. Denok, nik barne, egin beharreko hausnarketa bat da. Bada mezu bat uretara botatako harritxo baten parekoa, ea putzu horretan erortzean sortzen dituen uhinen bidez mezua zabaltzen den.

Argazki batean ikusi zaitugu bi disko aurrean zenituela. Bata «Haizea» taldearen «Hontz Gaua» diskoa da eta disko hori entzutera gonbidatu gaituzu nahita edo nahi gabe.

Disko puska bat da. Beltza Experience deituriko baserri bat bada Donezteben eta argazkian ikusteko moduan jarri genituen bi disko horiek Ibai Arrietaren argazkietan.

Azala, berriz, Heather Horton kanadarrarena da. Koadroaren izena «Carly, resting» da. Carlyren benetako argazkirik ikusi duzu?

Bada misterio bat ez dakidana argitu nahi dudan edo ez.

Biniloak-eta aurresalmentan daude; ez dakit produktua zuk nahi duzunerako prest izango ote den. Fabrika sutan jarriko zenuen.

Puf, hor gabiltza. Norberaren zigilua da eta gauza guztien gainean egotea egokitzen zait apur bat bakarrik ere bai, eta musikaz gaindiko lan asko eskatzen du horrek. Eskerrak baditudan kolaboratzailea eta abar. Espero dut bira hasten denerako biniloak eskuetan izatea, baina ozta-ozta iritsiko dira, bai. Baina www.gorkaurbizu.eus orrialdean eska daitezke eta fabrikatik jaso bezain pronto iritsiko zaio jendeari.

Bada, zuzenekoetan asko disfrutatuko dugun eta duzuen kantuak dion bezala, «Besterik ez», Gorka. Disfrutatu bideaz.

Mila esker, zuzenekoetan ikusiko dugu elkar.