Manex ALTUNA
ATHLETIC

Yurik lesioak gainditu ditu eta kontratua berritzeko asmoa du

Ezker hegalekoak argi utzi du Europako lehian sendo jarraitzeko Mallorcari irabaztea «derrigorrezkoa» dela; eta, bere ustez, Kopako finalerdietako joaneko partida «erabakigarria» izan daiteke.

Yuri, Getaferen kontra sartutako gola ospatzen.
Yuri, Getaferen kontra sartutako gola ospatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Yuri Berchichek 34 urte egingo ditu datorren otsailaren 10ean. Onartu zuenez, adinean gora doan heinean «energia» gutxiago dauka, baina zelaian «gozatzen» ari da eta Athleticen jokatzen jarraitzeko asmoa dauka. Partida kopuru bat jokatuta kontratua automatikoki berrituko luke beste urte baterako. Hala ere, denboraldi bukaeran hitz egingo du horretaz klubarekin, esan zuenez. Bere kirol ibilbidea Athleticen amaitu nahiko lukeela gehitu zuen.

Azken bi denboraldietan izandako arazo fisikoak gainditu dituela ziurtatu zuen, eta bere jokatzeko modua aldatu duela. Izan ere, Nico Williams hegalean aurretik izateak gutxiago igotzera behartzen du, eta defentsan sendoago ari dela gaineratu zuen. Liga eta Kopa artean, 20 norgehiagokatan parte hartu du aurten, eta gol bat egin zuen Getaferen aurka.

Bilbon oso pozik dagoela nabarmendu zuen, eta daramatzan sei denboraldietako unerik goxoenetako bat bizitzen ari dela. Athletic Europako postuetan kokatuta dago, eta sailkapenean gorantz begiratzen du. Bere iritziz, Txapeldunen Ligarako lehian sar liteke, Bartzelona aurten ez baitabil fin. Atzetik datozen Reala eta Betis ere gerturatu egin direla aipatu zuen, eta beraiek azken denboraldietan gertatutakoa ekidin behar dutela; izan ere, talde zuri-gorriak Kopako bidesaria Ligan ordaintzeko joera izan du.

Horregatik, ostiralean Mallorcari San Mamesen irabaztea «derrigorrezkoa» dela deritzo. Badaki ez dela batere erraza izango, Javier Aguirrek zuzentzen duen taldea gogorra baita defentsako lanetan. Ildo horretan, iaz jokatutako partida ekarri zuen gogora. Hutsean bukatu zen, baina Athleticek gol aukera ugari sortu zuen. Zarauzko jokalaria sinetsita agertu da berdin jokatzen badute irabaztea lortuko dutela. Kopako finalerdien inguruan ere hitz egin du. Yuriren iritziz, Madrilen jokatu den joaneko partida erabakigarria izan daiteke. Atletico markagailuan aurreratuz gero, San Mamesen buelta ematea zaila izango delako, kontraerasoan jokatzera bikain moldatzen baita.

MIN HARTUTA

Asteartean atseden eguna izan ostean, Athletic entrenamenduetara itzuli zen atzo goizean Lezaman. Klubak mediku-txosten bat ezagutarazi zuen eta hainbat jokalari min hartuta daude. Lekue, Unai Gomez eta Adu Ares lesionatu egin ziren Cadizen kontrako azken norgehiagokan. Lekuek giharretako lesioa dauka ezkerreko hankan; Unai Gomezek orkatila bihurritu zuen; eta Adu Aresek belaunean kolpe bat dauka. Hiru jokalariak beren kabuz entrenatzen aritu ziren.

Horrez gain, Berenguer ez zen taldekideekin batera entrenatu. Lesionaturik dago eta azken deialdietatik kanpo geratu da nafarra. Bere ordez, Bilbao Athleticen maila ona ematen ari den Aingeru Olabarrieta igo zen lehen taldearekin entrenatzera. Hegaletik jokatzen du erasoan, eta 18 urte ditu. Galarreta ere taldekideekin batera entrenatu zen, eta Mallorcaren kontra jokatzeko egon daiteke.

Bestalde, Vila-realen harrobian jokatzen aritu den Igor Oyono aurrelaria otsailean iritsiko da Lezamara. Barakaldon jaiotako mutilak 16 urte egingo ditu datorren astean, eta kontratua sinatuko du talde zuri-gorriarekin. Hainbat komunikabidetan zabaldutakoaren arabera, 2030era arte luzatuko da, eta Basconian eta gazteen taldean jokatuko du.