Jon GARMENDIA
Idazlea

Elkar hartzea

Hogei urte ondoren ikusi dut Gorka, bi hamarkada igaro eta gero elkartu gara. «Dicebamus hesterna die» esaldia ulertu dut horrela, «atzo erraten genuen bezala»; inkisizioak atxilotu eta kartzelan urte batzuk pasatu ondotik Fray Luis de Leonek ikasleei aipatu ziena, ustez; hari keinu eginez, Unamunok Salamancan errektore kargua berreskuratu bezain laster diskurtso berrian erabili zuena. Atzo izan balitz bezala sentitu naiz ni ere Gorkarekin, atzo utzitako tokian elkar hartu dugu. Astea ez, baina bezpera pasatu nuen pentsakor, nondik hasi, zer kontatu, ordena bat ezarriz. Baina hark ere halako eskema bat egingo zuela pentsatu, eta hor, nola eman eta utzi lehentasuna, nork nori noiz.

Ez da alferrik joan hainbeste denbora, zimurrak agertu zaizkigu, zauriak orbaindu dira, ez elkarri eragindakoak, baina norberak iragan dituenak, urruntasunari tamaina hartu diogu, distantziari hesia jarri. Sentitu dudan oro agertuko nuke, baina ene helburua ez da hori, baizik ohartzea denok dugula maite dugun norbait urrun, aspaldi ikusi ez duguna, egunerokoan ukan gabe estimuan presente dagoena, beti, eta hor ez dela denborarik iragaten, maitasunak urontzi berean egiten duela pausa.

Ohartu naiz, Dickensek “Nicholas Nickleby” liburuan idazten duen moduan, joatearen mina, bereiztearena, ez dela fitsik, berriro elkartzean sentitzen duzun pozarekin alderatuta.