GARA
DONOSTIA

Igeldo toki entitate txikia izateko kontsulta ez loteslea apirilaren 14an egingo da

Igeldo herri entitate txikia izateko kontsulta ez loteslea apirilaren 14an izango da, Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki duenez. «Ados al zaude Igeldoko toki entitate txikia sortzearekin?» da proposaturiko galdera. Baiezkoa ateraz gero, Gipuzkoako Aldundira bidaliko da eta foru dekretu baten bidez ebatziko da.

Apirilaren 14an egingo da Igeldo herri entitate txikia izateko kontsulta, atzo Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki zuenez. Kontsulta egiteko Udalbatzaren oniritzia behar da. Dena den, galdeketa hau ez da loteslea izango; Igeldoko biztanleen iritzia jasotzea du helburu.

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi zuenez, «toki entitate txikia behin betiko eratzeko bidean aurrera egitea ahalbidetzen digun beste urrats bat egiten dugu, behin proiektua onartuta eta jendaurrean ikusgai egoteko epea amaituta, ez baita alegaziorik aurkeztu». Orain, Udalbatzak berretsi egin beharko du Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakia, baita kontsultarako deialdia, prozedura, egin beharreko galdera eta horrekin lotutako beste xehetasun batzuk ere. Otsailaren 22an egitea espero da.

GALDERA ETA PROZEDURA

Tokiko Gobernu Batzarretik kontsultarako proposaturiko galdera hau da: «Ados al zaude Igeldoko toki entitate txikia sortzearekin?». Erantzun posibleak «bai» edo «ez» izango dira; boto-azal barruan paperik ez bada, zuritzat hartuko da.

Bozketa presentziala izango da, apirilaren 14an, goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortzietara Itsas Aurre eraikinean. Igeldoko toki entitate txikiaren lurraldearen muga barruan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek izango dute bozkatzeko aukera. Apirilaren 8tik 12ra aldez aurretik bozkatuko ahal izango da, aurretiko hitzordua eskatuta Partaidetza Zerbitzuaren bulegoetan.

Aldeko emaitza izanez gero, espedientea Gipuzkoako Aldundira bidaliko da, eta foru dekretu baten bidez ebatziko da. Emaitza aurkakoa bada, organu eskudunak jendaurrean eta arrazoituta adieraziko du kontsultaren emaitzak nola eragingo duen proiektuaren bilakaeran.