GARA
DONOSTIA

Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko lotura hobetzeko tunel bat eraikiko dute

Ubarretxena eta Pradales, aurkezpenean.
Ubarretxena eta Pradales, aurkezpenean. (Gipuzkoako Aldundia)

Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek Arrasate eta Elorrio arteko ibilbide berria iragarri zuten, N-636 errepidea erabat eraldatzeko. 830 metroko tunel baten bidez, «bihurguneak kendu eta Kanpazar gaina gainditzea» da proiektuaren helburua.

Maria Ubarretxenak, Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatuak, eta Imanol Pradalesek, Bizkaian ardura bera duenak eta EAJko lehendakarigaiak, aurkeztu zuten proiektua atzo. Horien hitzetan, proiektuak «mugarri» bat ezarriko du «Beasain-Durango korridorearen eraldaketa integrala egiteko». Gipuzkoako Debagoiena eta Goierri eskualdeak eta Bizkaiko Durangaldea lotuko ditu; «gaitasun handiaren bidez eta modu seguruagoan ibilbide osoan», nabarmendu zuten.

Kanpazar gaina gaindituz «egungoa baino aukera zuzenagoa, azkarragoa eta seguruagoa eskaintzeko hodi bakarreko tunel bat» proposatzen duen trazadura aukeratu da. Pradalesek ziurtatu zuen tarte hori hobetzea «herri proiektu» baten amaiera dela, «Beasain-Durango korridorearen modernizazioa amaitzeko funtsezko pieza» baita. Jakinarazi zuenez, eraikuntza proiektuaren idazketa aurten bertan hasiko da, egikaritzeko 42 hilabeteko epearekin.

Maria Ubarretxena diputatu gipuzkoarrak, bestetik, «ilusionagarritzat» jo zuen «datozen hamarkadetara begira lurralde eta herrialde mailan ekimenak planteatzeko bidea irekiko duen proiektua». Pradalesek nabarmendu zuen egun «zirkulazio dentsitate handia» duela errepide horrek; «egunero 7.700 ibilgailu ibiltzen baitira, eta horietatik % 16 astunak dira».