Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Kantu-minak

Gustatzen zaidan guztia ez da ona, gustatzen ez zaidan guztiak ez dit kalte egiten. Fede kontua da zer den ona eta zer txarra ebaztea, eta zer da fedea, modu eraginkorrean zabaldutako uste-multzoa baizik? Horregatik, zalantza asko etorri zitzaizkidan burura igande goizean, esnatu, eta sabeleko nahasmen jostalariari erreparatu nionean, buruko minaren hatzek kaskoa gupidagabe zukutzen zidatela. Hainbesteko kaskarrekorik ez nuen hartu ba, ustez fundamentuz elikatu nintzen, ez dut gogoan astakeria handirik egin izana, adibidez; ero moduan dantzan ibiltzea, ia-ia haragi-etena eragiteraino, beste batzuetan bezala. Laburtzeko, nahiko parranda “normalitoa” neukan akorduan. Ez, ez zen lotsa berantiarra min ematen zidana, egoki tuneatutako damu judu-kristaua gorputza desorekatua zidana, ez. Beste zerbait behar zuen izan.

Zalantzan jar daiteke musika ona ala txarra existitzen den; hori ere uste eta sinesmenen mundu likitsarekin lotu behar. Baina gau hartakoak dozena bat aldiz errepasatu ostean, eta azalpenik ezohikoenak baztertuta (zentzumenez kanpoko esperientziak, abdukzioak, eta abar), txotx garaiko parranda horren Hernaniko soinu-bandari leporatu behar ondoeza. Zerbait ikasi dut: orain, badakit badirela min emateraino kalte egiten duten kantuak.