GARA
BILBO

Pertsona nagusiei teknologian trebatzen laguntzeko doako zerbitzua abiatu dute

Mondragon Unibertsitateko ikasleek, Guuk euskal konpainiarekin batera, pertsona nagusiei arreta emateko zerbitzu presentzial eta doakoa aktibatu dute, zalantza teknologikoak argitzeko. Astelehenetik ostiralera emango dute zerbitzua, konpainiak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean dituen dendetan.

Mondragon Unibertsitateko ikasleek Konekta-tu 2.0 bira aurkeztu dute.
Mondragon Unibertsitateko ikasleek Konekta-tu 2.0 bira aurkeztu dute. (BENNU TEAM COMPANY)

Asteartean ospatu zen Internet Seguruaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (Leinn) graduko ikasleek Konekta-tu 2.0 ekimena aurkeztu zuten Bilbon. Arreta-zerbitzu doako eta presentziala da, pertsona nagusiei digitalizatzen lagunduko diena, kolektibo horren arrakala digitala murrizteko.

Gazte horiek 2022an egin zuten Konekta-tu prestakuntza-bira garatuko du ekimenak, eta telekomunikazioetako Guuk euskal konpainiaren lankidetza izango du. Konpainiak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean dituen dendetan emango da pertsona nagusiei digitalizatzen laguntzeko zerbitzua. Proiektu pilotu bat da, eta Bilbon izango da otsailaren 5etik 9ra; Gasteizen, 12tik 16ra; Donostian, 19tik 23ra; eta Iruñean, hilaren 26tik martxoaren 1era. Hona hemen dendetako harrera-ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10.00etatik 13.00etara.

INEren arabera, 65 urtetik gorako pertsonen %28,6k baino gehiagok ez dute Internet erabiltzen, eta sarea erabiltzen duten 65 eta 74 urte bitarteko pertsonen %50ek gaitasun digital urriak dituzte. Bestalde, Pentsiodunen Batasun Demokratikoak (UPD) adierazi du Estatuko pertsona nagusien %25ek ezin dituztela egin eguneroko gestioak. Beraz, izapide horiek Internet bidez egitea aukera ona izango litzateke. Bestalde, 80 urtetik gorako pertsonen %76 arrakala digitalak kezkatzen ditu, eta iruditzen zaie laguntza falta dela beren digitalizazio-prozesuan.

«Adineko askok ez diete onurarik ateratzen beren mugikorrei eta ez dute online eragiketarik egiten, ez baitakite nola egin, beldur direlako gaizki egin eta norbaitek iruzur egingo dien, eta, gainera, ez diete senide gazteagoei galdetu nahi, trabarik ez egitearren. Baina digitalizazioak baditu abantailak ere, eta horiek aprobetxatzen lagundu nahi diegu», esan dute Maria Bela eta Miguel Letamendi proiektuan parte hartzen duten Mondragon Unibertsitateko ikasleek.