GARA
PARIS

Tokiko hizkuntzen aldeko babesa galdetu dute ikasleek Parisen

Pour Que Vivent Nos Langues-Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen plataformak bultzaturik, frantses Estatuak tokiko hizkuntzen aldeko benetako estatusa onar dezala galdetu dute Asanblea Nazionalean, Parisen, besteak beste Euskal Herritik heldutako ikasleek.

Hainbat hautetsirekin, beren hizkuntza eskubideak aldarrikatu zituzten ikasleek, Parisen.
Hainbat hautetsirekin, beren hizkuntza eskubideak aldarrikatu zituzten ikasleek, Parisen. (Juan SALAZAR)

Korsika, Okzitania, Alsazia, Bretainia eta Euskal Herritik 40 ikasle baino gehiago joan ziren atzo Parisera, frantses Estatuari eskualde-hizkuntzak babestuko dituen benetako estatusa plantan eman dezala eskatzeko xedez.

2019an sortu zen eskualde horietan guztietan tokiko hizkuntzak biziarazteko jarduten duten eragileak batzen dituen plataforma: Pour Que Vivent Nos Langues-Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen.

Geroztik, hamaika ekimen egin ditu kolektiboak, erakundeen aurrean zein karriketan, hizkuntza-eskubideak bermatuak izan daitezen lege aldaketak eskatzeko asmoz.

Orotara hogei bat lagunez osaturiko ordezkaritza joan zen atzo Euskal Herritik Parisera, beste herrietako lagunekin batera aldarrikapenak astintzera. Seaskak Baionan duen Etxepare lizeoko ikasleak eta Larzabaleko Manex Erdozaintzi kolegioan jarduten duten gazteak eta irakasleak batu ziren Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria buru zuen euskal ordezkaritzara.

Hitzordua 12.00etan emana zuten Parisko zazpigarren barrutian. Grenelle karrikan egoitza duen Hezkuntza Ministerioaren aurrean biltzeko baimenik ez zuten, baina elkarretaratzea pixka bat urrunago eraman ondoren pankartak astintzeko parada ukan zuten.

Bretainiako Diwan eskoletako eta Korsikako zein Okzitaniako ikurrak ez ziren falta, ezta «Baxoa euskaraz» aldarrikatzeko tixerta berdeak ere.

«ISILARAZITAKO IKASGELA»

Herri ezberdinetatik heldu arren, denek batera, «isilarazitako ikasgela» irudikatu zuten. Hala, ikasleek bandera frantsesaren koloreak zituzten pegatinekin estali zuten ahoa, modu horretan beren hizkuntzan bizitzeko ezartzen dizkieten oztopoak nondik datozen agerian jarriz.

Gazteen bizkarraldean paratu ziren zenbait hautetsi. Hala nola RPS federazioan jarduten duten eurodiputatu bi; hots, Lydie Massard Bretainiako UDB alderdiko kidea eta François Alfonsi ekologista korsikarra.

Bestalde, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hautesleak barne hartzen dituen Pirinio Atlantikoetako laugarren barrutian hautaturiko Iñaki Echaniz diputatu sozialista bearnesa (Nupes koalizio ezkertiarreko kidea da) pankartaren atzean jarri zen ikasleei sostengua adieraziz, baita tokiko hizkuntzen defendatzaile ezagun Paul Molac Bretainiako diputatua ere.

ASANBLEA NAZIONALEAN

Hain zuzen, 2021eko apirilaren 8an gehiengo zabal batez onartu zuen frantziar Asanblea Nazionalak Molac diputatuak defendaturiko legea. 247 diputatuk aldeko boza eman zuten, eta 76 kontra azaldu ziren.

Pour Que Vivent Nos Langues-Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen plataformak, bozketak ekarri zuen aurrerapena onartuta ere, horren ondotik Kontseilu Konstituzionalak harturiko ebazpenak legearen berrikuntza nagusiak alboratu zituela deitoratu zuen. Egungo egoera kezkagarria dela ohartaraziz, tokiko hizkuntzek pairatzen duten ziurgabetasuna gainditzeko premia nabarmendu zuen kolektiboak.

Lau neska eta mutil bi. Eskualde ezberdinetakoak baina aho beretik mintzatzeko prest. Horiek osatu zuten Eskualde Hizkuntzak eta Kulturak izeneko Asanblea Nazionaleko lantaldeari bere aldarrikapenak helarazteko ardura hartu zuen ordezkaritza.

Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna izenpetu ez duen estatuari bere jokabidea alda dezala eskatu zioten, lehenik eta behin, Konstituzioaren 2. artikulua, frantsesa Errepublikaren hizkuntza bakartzat hartzen duena, aldatzeko premia mahaigaineratuz.