GARA
GASTEIZ

Lakuak oinarrizko LH indartu du, ikasleek DBHko titulua lor dezaten

Datorren ikasturtetik aurrera, oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek bi titulazio lortuko dituzte, lanbide-ziurtagiri bat eta hezkuntza-sistemako titulazio guztiekiko loturak. Eredu berri honi Hasierako Lanbide Heziketa deituko zaio.

Gasteizko Mendizabala LHko ikastetxean aurkeztu zuen Bildarratzek LH eredu berria.
Gasteizko Mendizabala LHko ikastetxean aurkeztu zuen Bildarratzek LH eredu berria. (IREKIA)

Lakuako Hezkuntza Sailak Hasierako Lanbide Heziketaren eredu berri bat diseinatu du, orain arte oinarrizko LH gisa ezagutzen zena eskaera berrietara egokitzeko eta, ziklo hori amaitzen dutenean, ikasleak DBHko tituluarekin atera daitezen.

Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek eta Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok aurkeztu zuten eredu berria, atzo, Gasteizko Mendizabala LHko ikastetxean. Bost ibilbide ezarriko ditu ikasleentzat eta datorren ikasturtean jarriko da abian.

Ikasketak amaitutakoan, ikasleek bi titulazio lortuko dituzte: DBHkoa eta Oinarrizko Gradukoa, eta ibilbide integratua egiten badute, Erdi Mailakoa ere bai, lanbide-ziurtagiri baten bidez.

Hezkuntza sistemako titulazioekiko lotura erraztuko du; izan ere, amaitutakoan, Erdi Mailako Gradua, Goi Mailako Gradua, Batxilergoa eta unibertsitate-ikasketak egiten jarraitu ahal izango dute.

BOST IBILBIDE

Bost ibilbidetan egituratuta egongo da. Bat oinarrizko eta erdi mailako titulua lortzera zuzenduta dago, lau urteko prestakuntza egituratua eginez.

Bigarrena bi edo hiru ikasturtekoa izango da, curriculum-garapen espezifiko eta malguekin, moduluak zatika egiteko aukerarekin.

Hirugarrenak lanbide-espezifikoei zuzendutako espezializazioa bultzatuko du, teknikari espezialistaren edo goi-mailako teknikariaren eta master profesionalaren tituluak lortzeko.

Laugarrena, berriz, ikasteko aukera gehiago dituztenentzat izango da, eta hezkuntza-sistema orokorrera itzultzeko aukera dutenentzat. Bosgarrenak tituluak, eta «neurrira» egindako programak hartuko ditu.