Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Eup!

Burrunba egunak. Danborrena, haize-ufadena, traktoreena, zanpantzarrena, babarrun-janaren osteko aldiarena… burrunba! Horra ere, Santa Ageda kantatzera kaleratu zirenena. Eup! Horra lehengoko eguerdi batean eskola baten aurretik pasatzean entzuna: «Eskolako jantokian dogu otordu edo agape/ azaloreek zorri on hutsa gaur ere euko al dabe?»; gurasoen umeak eta umeen gurasoak taldean agape deuna euren errealitatetik ospatzen, eup! Gero hirigunera hurbildu, eta hara! Traktoreak etorbidean ortua hirira ekarrita! Eta baserritarrak ere taldean kantari: «Lur onetako nekazariak jada nekatuak gara/ soroetan zoratu aurretik hirian da traktorada», eup! Azkenik, fotokopia bat egitera nindoala Ajuriaene aurretik pasa eta han lehendakaria bakarka kantari: «Ni neu nerau naiz hemen nagusi nahiz eta izan maizterra/ hauteskundeetara deitzeko ni neu naiz jabe bakarra», eup barik kasu honetan. Amen!

Baina kontuz! Justiziak baditu zorriak ere! Eta litekeena da makila eskuan kalez kale zolaren kontra eup-ka kantuan ibili direnei terrorismo zantzuak leporatzea; are gehiago, makilei modu bateratuan, eta aurretik prestatuan, eraginda. Eup! Traktoreek hartu dute hiria, halabeharrez. Pazientziak muga duen seinale landa zabalean ere; sarritan mugok gainditzen diren seinale. Kontua ez da gatazkak ez izatea, ez horixe, gatazkak berez izan daitezke onak, gatazka onak direnean sikiera! Bertsolariarena gogoan «gatazkatan jartzean probatzen da zelakoa den gobernantza». Atera kontuak! Nekazarien protestetan denetatik entzun dut, gauza bat eta kontrakoa. Pestizidetan baino pentsaera gehiago dira hor. Hortaz, alea eta lastoa bereizi behar. Beti, eup!