GARA
DONOSTIA

Frankismoan errepresioa jasandako gipuzkoar andreen bizipenak, liburu batean

Liburuaren aurkezpena.
Liburuaren aurkezpena. (Jon Urbe | FOKU)

”1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua” azterlana aurkeztu zuten atzo Donostian, Aranzadik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko ekitaldian. Ione Zuloaga historialariak gidatu du azterlana, eta 1936 eta 1945. urte bitartean emakume gipuzkoarrek jasandako errepresio frankistaren inguruko errealitate desberdinak batu ditu.

Bigarren Errepublikatik XX mende erdialdera arte bizi izandakoak gogora ekarriz, «emakumeen irudia, izandako rolak eta bizipenak erdigunean ipinita, eta emakume horiek guztiak aitortzeko helburuarekin» osatu dute liburua.

Frankismoan errepresioa jasan zuten emakumeak Bigarren Errepublikan zehar militantzia politikoa izan eta espazio publikoa hartu zutenak izan zirela nabarmentzen du azterlanak. «Hego Euskal Herriko lurraldeetan 190 miliziana inguru zenbatu dira, Euskal Milizia Antifaxistekin borrokan jardun zutenak gehienak». Horietatik 45 gipuzkoar aritu ziren frontean, 22 armak hartuta, 5 erizain, 9 sukaldari eta 9 laguntza-zerbitzuetan».

Jasandako errepresioa militantzia politikoagatik jasan zutela frogatu dute liburuan.

Zuloagak lau ataletan banatu du ikerketa: biktima ikusezinak, genero indarkeria, gorputza eta errepresioa. Hiru ikerlariren lanarekin batera osatu dute azterlana: Queralt Sole, Enara Garro eta Lourdes Herrasti.

«Asko zor diegu frankismoaren eta gorrotoaren indarkeria jasan zuten emakume haiei», laburbildu zuen diputatu nagusi Eider Mendozak.