Jon GARMENDIA
Idazlea

Ez dakit nondik

Errobi zaharrari ura eskaintzen dion Laurhibarreko lurretan bizi omen ziren eskuekin biziki trebeak ziren jendeak. Kontatu zidanak memoriaren hari mehe bat zeukan oraino, baina gutxira desagertu zen, eta orain, zerbait asmatu behar dudala bururatu zait, gai hura detailez betetzeko; non ote zeuden etxola horiek, hor, ene imajinazioa galdu egiten da. Eta halakoetan, Ahüzkira, Azalegiko kobazulora joaten zait gogoa; han bizi omen zen Herensuge, Arbailako pagoak isatsarekin ebaki zituena haserrearen haserrez. Xahok zioen, hura, simaurrean ezkutatutako oilar batek errundako arrautzatik sortu zela, agidanean. Hantxe ikusten dut nik adineko andere bat, aurreko belaunaldiengandik jasotako trebetasunarekin pilotak josten zuzuluan. Haren hatz korapilatsuak indarka orratza pusatzen, larruari estututako puntuekin istorioak ehuntzen. Hari bat oroitzapen bat, jostura bakoitza bere historiaren historia bat. Auzoko haurrek paretari joka aritzeko itxarongo zuten pilota, nehor guti ohartzen zen orduan, baina anderearen arima zati bat zeukan esfera bakoitzak. Hori denek ulertu zuten hil eta bere artisautza galdu zenean. Eta zenbat halako ofizio galtzen ari den gure herri honetan, nehor guti ohartzen delako ez dakit nondik datorren horrek ez duela hemengo ezer ordezkatzen.