Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ohore handirik gabeko harakiria obratu zuten Ezkurdia-Tolosak Tafallan

Atzoko landutako garaipenarekin Laso-Arangurenek bizirik jarraitzen dute, nahiz eta beharrezko duten Elordi-Rezustak geratzen zaizkien bi partidak galtzea; lehena gaur Tolosan Jaka-Mariezkurrenaren aurka eta bigarrena elkarren arteko lehia izango dute.

Tantoak amaitzerakoan bikaintasunetik urrun, Laso Ezkurdia baino eraginkorrago aritu zen, batez ere bigarren erdian.
Tantoak amaitzerakoan bikaintasunetik urrun, Laso Ezkurdia baino eraginkorrago aritu zen, batez ere bigarren erdian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Etsaiaren eskuetan erori aurretik euren buruaz beste egiteko samuraiek zuten kode etikoaren barruko praktika zen harakiria, baina ohore handirik gabeko amaiera tristea eman diote Binakakoari Ezkurdia eta Tolosak atzo Tolosan Laso eta Arangurenen aurka 22-10 galduta. Biziraupenerako lehia zen goraino bete zen Eretakoa eta Baikoko bikoteak lortu zuen bizirik jarraitzea, nahiz epe motzekoa izan daitekeen aparteko bizi hori, Elordi-Rezustak gaur Tolosan Jaka-Mariezkurrenari irabaziko baliete agur esango lioketelako txapelketari. Hori bai, enpresako kideek eskua luzatzen badiete, mallabitarraren eta bergararraren aurka jokatuko lukete play-offetarako azken txartela datorren igandean Donostian.

Sailkapeneko azken postuan diren bi bikoteen arteko lehia izan zen Tafallakoa eta bi bikoteen miseriak agerian geratu ziren partidaren lehen zati gogor bezain aspergarrian. Atzelarietako inor ez zen aurkaria hausteko gai izan eta bi aurrelariengan ere ageriak izan ziren tantoak amaitzeko dituzten gabeziak. 300 pilotakada inguru gurutzatuta heldu ziren zazpinako berdinketara, partidako azkeneko besarkadara, eta ordurako tanto bana zuten amaituta bikotearen oinarri behar duten Ezkurdiak eta Lasok.

Ez da saiatu ez izanagatik; atzo ere eskuin boleaz eta Lasori oinak bilatzen jardun zuen arbizuarrak, baina ezker airez tantorik amaitu ezinik jarraitzen du eta inspirazio apurrik topatu gabe agurtuko du denboraldiko txapelketarik luzeena sakandarrak. Etsipenak jota, zurrunbilo batean sartua ematen du eta atzo ere desesperazio zantzuak ikusi genizkion, esaterako eskumuturrekoak kendu eta harrika bota zituenean.

Partida gogortzeak ere ez zien inolako mesederik egin Binakakoko lehen kanporatuei, azken egunetan sukarrak jota egon den Xabi Tolosak nabarmen egin zuelako behera partidaren bigarren erdian. Ondo ekin zion partidari anoetarrak, baina nekeak jota nabarmen behera egin eta aurkariei bidea asko erraztu zien.



Altunak ez du bihar Tolosan jokatuko

Azkeneko bi jardunaldietan horren lan ona egin duen Javi Zabalak beste aukera on bat izango du bihar Tolosan, hirugarren astez jarraian Jokin Altunaren tokia bete beharko baitu ligaxkako azken jardunaldia irekiko duen partidan. Amezketarrak atzo proba berri bat egin zuen bere herriko Larrunarri pilotalekuan Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoaren begiradapean eta ezker esku horrek hobekuntza nabarmena izan duen arren, ez du bere burua Peña eta Albisuren aurka jokatzeko prest ikusi.

Partida garrantzitsua da bi bikoteentzat Tolosako inauterien barruan jokatuko dena, txapelketa laugarren postuan amaitzea izango baitute biek jokoan, baina kontuan izan behar da Aspekoentzat nahikoa izan daitezkeela 10 tanto play-offean abantaila emango liekeen laugarren postu hori eskuratzeko.

Borroka horretan sartzeko partida jokatuko dute gaur Elordi-Rezustak dagoeneko sailkatuta dauden Jaka-Mariezkurrenaren aurka, nahiz eta Aspekoen lehen helburua play-offean sartzea izan beharko litzatekeen, azken jardunaldira itxaron gabe. Mallabitarrak eta bergararrak jokatzeke dituzten bi partidetako bat irabazi behar dute horretarako eta azken partidan Laso-Aranguren izango dituzte zain Donostian igandean. J.O.