GARA
DONOSTIA

Haur-minbiziaren Eguneko ekintzak eta Ipar Martxa aurkeztu dituzte

Haur-minbiziaren Eguneko ekintzak eta Ipar Martxa aurkeztu zituzten atzo.
Haur-minbiziaren Eguneko ekintzak eta Ipar Martxa aurkeztu zituzten atzo. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Otsailaren 15a Haur-minbiziaren Nazioarteko Eguna da. Urre koloreko lazoa da kausa honen ikurra, eta aurtengo leloa “Urrezko lazoaren indarra, mundu justu baten alde” izango da. Aspanogik ekintzen aurkezpenean azaldu zuenez, haur-minbiziak erabat aldatzen du adingabekoen eta beren ingurukoen bizitza egun batetik bestera.

Egitarauan Gipuzkoako ikastetxe eta udalen partaidetza nabarmendu nahi du elkarteak. Ikastetxeei ekintza bat proposatu die, Niños Con Cáncer federazioak antolatua. Aspanogi ere bertako kide da, beste 21 elkarterekin batera. Eskolei eman dieten ideia gelaz gela mezuz betetako urrezko lazoak elkartzea da, kate handi bat sortzeko.

Ikastetxeentzat bereziki egin den manifestua irakurriko dute ikasleek.

HERRIETAN ETA OSPITALEAN

Gipuzkoako Aldundian, Donostiako udaletxean eta Konstituzio Plazan urrezko lazoa eta Aspanogiko pirataren irudia daraman pankarta ezarriko dute. Gipuzkoako beste herri ugaritan ere bai. Donostiako Unibertsitate Ospitalean ekintza berezi bat egingo dute. Bertatik gertu dagoen txoko batean, Porrotxek emandako zuhaitza landatu zuten pirata guztien omenez. Aspanogiren gereziondo hori hazten ari da, bere sasoian fruituak eman ditu, eta otsailaren 15ean loreak utziko dituzte.

Igandean, 11. Ipar Martxa egingo dute Donostian. Elkartasun ekintza horretan, haur-minbiziaren aurka indarrak batzen saiatuko dira. Gizartea jabetu dadin nahi dute haur eta nerabeen minbiziak ez duela ez adinik, ez generorik, ezta erlijio edo talde sozialik ere. Donostiako Unibertsitate Ospitalean 30 kasu tratatzen ari dira. «Tabuak hautsi nahi ditugu, piraten egunerokotasunaz hitz eginez, enpatia eta elkartasuna bultzatu nahian», adierazi zuen Aspanogik.

Ipar Martxa adin guztietako pertsonek egin dezakete; ez dago kirolaria izan beharrik, ez da lasterketa bat. Internet bidez izen-ematea bultzatu nahi dute, antolakuntzaren mesederako, herrikrosa.eus webgunean.

11.00etan hasiko da Ipar Martxa, Saguesen, eta Haizearen Orrazian amaituko da, sei kilometroren ondotik.