Ane URKIRI ANSOLA
KELVIN KIPTUM ATLETAREN HERIOTZA

Kelvin Kiptum, artean hegan egiten zebilen kometaren legatu goiztiarra

Kelvin Kiptum eta haren entrenatzaile Gervais Hakizimana auto istripu baten ondorioz hil ziren, Kenyan. Ezustea eragin zuen ezbeharrak, 24 urteko kenyarra mugarri izatera deitua baitzegoen. Hiru maratoi bakarrik behar izan zituen distantzia mitikoan bere izena lehen lerrora ekartzeko, munduko errekor eta guzti. Olinpiar Jokoetan zer egingo zukeen da erantzuteke geratu den galderetako bat.

(Justin TALLIS | AFP)

Kiptum eta Kipchoge; Kipchoge eta Kiptum. Bi kenyar, maratoian espezialistak, Parisko Olinpiar Jokoetan nor baino nor. Atletismo zaleak udarako hitzordu handirako irrikaz zeuden, lehen aldiz lasterketa batean lehiatuko baitziren biak. Eliud Kipchoge eredu izan da 42 kilometroetan, aro bat markatu du, bi aldiz irabazi du urre olinpikoa (Rion eta Tokion) eta bat-batean indartsu agertu zen beste kenyarra, Kiptum, 24 urte besterik ez zituela, bere hirugarren maratoian, Chicagon, munduko errekor berria ezarriz. Kipchogeren marka hobetu zuen, hain zuzen ere, eta bi orduetatik jaistetik hurbil geratu zen (2 ordu eta 35 segundo); azken urteetan jomuga bihurtu den denbora, alegia.

Maratoilari handi baten hastapena baino ez zen -Valentzian ere lasterketako errekorra ezarri zuen- eta, beraz, inork lortu gabekoa egin zezakeela uste zen; are gehiago, berak ere hori uste zuen. Rotterdamen korritu behar zuen apirilean, eta entrenamenduko bere kideek sasoiko ikusten zuten, iaz baino gehiago.

Bada, Kiptumen heriotza -eta bere entrenatzaile Gervais Hakizimanarena-, auto istripu baten ondorioz, izotza bailitzan jausi da atletismo munduan. «Ezbehar latz» moduan deskribatu dute Kiptumen galera, aro berri bat markatu zezakeelakoan.

Ezezaguna zen Kiptum duela bi urte arte, Valentzian, bere lehen maratoian, probako denbora onena ezarri zuen arte. Londresen egin zuen bere bigarren agerpena -iazko apirilean- eta historiako bigarren denborarik onena egin zuen (2:01.25). Chicagon, joan den urrian, loria ukitu zuen, bi ordu eta 35 segundotan 42 kilometroak burututa, sekula ez bezala.

NORAINO IRITSI ZITEKEEN?

«Bikaintasuna lortzeko bizitza osoa zeukan aurretik; igoeran zegoen izarra zen», adierazi zuen Eliud Kipchogek.

Ganaduak bazkatzera ateratzetik maratoian izar bilakatzeko jausia emana zuen, Gervais Hakizimana entrenatzaile zuela. Ganaduekin ezagutu zuen Kiptum eta, bi maratoi erdi denbora bikainekin burutu zituela ohartu zenean, bere teknikaria izateko aukera eskaini zion. Lisboan eta Valentziako maratoi erdietan historia egin ostean, sabaia hausten segitzeko hautua hartu zuten.

«Gure kulturan gaizki ikusita dago jaten eman dizun platera zakarrontzira botatzea. Pozik nago nire semeak bere entrenatzaileari jarraitu izanagatik, bai eta arrakasta izan duenean ere. Hura [Hakizima] aita bat bezalakoa izan da bidaia honetan», esan zuen duela aste batzuk Kiptumen aitak.

Historia egiten jarraitzeko asmo tinkoa zuten biek, ezbehar batek ezerezean utzi duen arte. Atleta lirain baten irudia (1,78 metro eta 59 kilo), Chicagoko errepidean, urrats handi eta dotoreekin hegan, betiko geratuko da irudimen kolektiboan, noraino iritsi zitekeenaren galdera erantzunik