EDITORIALA

Torturaren aitortza, gainditu gabeko ikasgaia

Otsailaren 13a Torturaren Aurkako Eguna izendatu zen Euskal Herrian. Egun horretan, duela 43 urte, Joxe Arregi Madrilen atxilotu zutenean jasandako torturen ondorioz hil zela gogoratzen da. Efemeridea aprobetxatuz, Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzailea aurkeztu zuten atzo Bilbon. Egitasmoak helburu argia du: sistemak babestutako tratu krudel eta ankerrak jasan dituzten pertsona guztien errekonozimendua lortzea. 2025ean topaketa bat ere antolatu nahi dute.

Hainbeste urte igaro ondoren, badirudi torturaren gaiak ez duela gaurkotasunik, baina zorigaiztoko tratu txarren aferak bere horretan dirau. Egiari Zor elkartearen arabera, 1961 eta 1993 artean 14 pertsona hil ziren torturen ondorioz. Lakuako eta Iruñeko txosten ofizialek gutxienez 5.379 tortura kasu baieztatu dituzte Hego Euskal Herrian. Behatokiak, bestalde, adierazi zuen gutxienez 95 preso zigortu zituztela torturapean lortutako legez kanpoko frogak erabiliz eta kasu horiek berrikusi egin beharko liratekeela. Azkenik, gogora ekarri behar da Estatuaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Balorazio Batzordeak urrian kaleratu zuen txostena. Bertan, Estatuko segurtasun indarrek erabilitako torturak eta biktimek jasandako basakeria zehazteaz gain, agintari medikoen eta judizialen isiltasuna eta jarrera estaltzailea azpimarratu zuen batzordeak; egiaztapen horiek berretsi zuten frogak ezkutatzea eta isiltzea ere ezinbesteko lagungarri zirela poliziak basakeria horiek gauzatzeko. Era berean, konplizitate horrek konfirmatu zuen tortura estatu-politika bat izan zela.

Estatu-politika horrek halakotzat onartu gabe jarraitzen du, aitorpen horrek zapuztu egingo bailuke euskal gatazkari buruzko kontakizun ofiziala. Estatuak, baina, bere gain hartu behar du bere erantzukizuna, torturaren biktimek ere egia, justizia eta erreparazioa behar eta merezi dutelako. Eta, atzo aurkeztutako pertsona torturatuen sarearen proiektuak erakusten duen bezala, euskal gizarteak lanean jarraituko du Estatuaren indarkeriaren biktimen aitortza lortzeko, adiskidetze prozesuari bultzada berri bat emateko.