GARA
DONOSTIA

Ainhoa Ozaeta andoaindarra aske geratu da, 16 urte preso eman ondoren

Ainhoa Ozaeta preso andoaindarra aske geratu zen atzo, azken hamasei urteak Estatu frantseseko espetxeetan igaro ondoren. Bordelen 2008an atxilotua izan ondoren, 2014an epaitu zuten Igor Suberbiola eta Jon Salaberriarekin batera. 20 urteko espetxe zigorra ezarri zioten ETAko kide izatea leporatuta, «zuzendaritza mailan». Aipatu hirurekin batera 2008an Xabier Lopez Peña atxilotu zuten, Ozaetaren bikotekidea zena, 2013an zendua.

Epaiketa hartan Ozaetak egun batzuk lehenago Gure Eskuk antolatutako giza katea mintzagai izan zuen, «Euskal Herria bizirik» zegoela nabarmenduz eta «berandu baino lehen Euskal Herria aske izanen dela» adieraziz.

Andoaingo alkateordea izan zen 1999tik 2003ra bitartean, Euskal Herritarrok-eko kidea zela. Baltasar Garzonek AEKren aurka irekitako sumarioan sartu zuen. Batasuneko mahaiko kidea ere izan zen.

Urrunketa politika oro har amaituta dagoenean, Ozaetaren kasuan zigor gehigarriak bere horretan jarraitzen zuen, Reauko espetxean baitzegoen Euskal Herritik ia mila kilometrora.