Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
REALA TXAPELDUNEN LIGAN

(E)rrealistak izan behar dugu

Erasoko jokalariak itzalean geratzea ez da inoiz seinalerik onena, eta PSGren aurkako partidan Igor Zubeldiak eta Robin Le Normandek egin zuten distira. Itzulerako partidarako, gaizki egindakoak ikasi eta ondo egindakoak errepikatu beharko ditu Realak, Printzeen Parkean jasotako porrota (2-0) iraultzeko. Ezkortasuna baikortasun bilakatuko da hitzordua gerturatu ahala.

(Franck FIFE | AFP)

Harro egoteko modukoa da Realak asteazken gauean, Printzeen Parkeko deman, lehen zatian egin zuena: PSG estu hartu zuen, eta parez pare aritu zen izarrez betetako talde baten aurka, non eta Printzeen Parkean. Ez da gutxi, eta horri balioa eman behar zaio. Bigarren zatian, ordea, hamar minututan partidak ihes egin zion -kanporaketak ez, ordea- Luis Enriqueren taldeak emandako bi kolpetan: lehena Mbappek sareratu zuen korner baten ondoren, eta bigarrena Barcolak.

Imanol Alguacil teknikariak aho bizarrik gabe esan zuen partida osteko prentsaurrekoan: «Ezin ditugu bi akats horiek egin horrelako talde baten aurka», eta gogor mintzatu zitzaion Traoreri, haren izena aipatu ez zuen arren. Orioko entrenatzaileak adierazi zuen jaso zituzten bi golak beraiek egindako «bi opari» izan zirela, eta nabarmen seinalatu zuen eskuin hegaleko atzelaria.

Markagailuan 2-0 joanda, nahia eta ezina batu zitzaizkien txuri-urdinei. PSGk ondo kudeatu zuen errenta, erakutsiz zergatik den hautagai bat denboraldi oro Txapeldunen Liga irabazteko, azken zazpi final zortzirenetatik bostetan kaleratua izan den arren. Ea ba erronda hori kontrako eztarritik joaten zaion PSGri Anoetako itzuliko partidan, martxoaren 5ean.

Erasoko jokalariak itzalean geratzea ez da inoiz seinalerik onena. Itzalpean aritu ziren Ander Barrenetxea, Andre Silva, Brais Mendes, Zubimendi… Merino eta Kubo agian inspiratuago, bereziki japoniarra lehen zatian.

Halakoetan, atzelariek dute lantegirik zailena, eta atzo distira egin zuten Igor Zubeldiak eta Robin Le Normandek, partida ikusgarria eginda, bereziki azkoitiarrak. Tente eta tinko eutsi zion Mbapperi, eta frantziarra iskin egiten saiatu zen bakoitzean hortxe topo egiten zuen Zubeldiarekin. Remirok ere merituzko pare bat geldiketa on egin zituen.

Parisko partidatik Realak ikasgai hau hartuko du: gaizki egindakoak ikasi eta ondo egindakoak errepikatu. Zergatik ez amestu, Realak Anoetan Printzeen Parkeko lehen zatiko bere bertsiorik onenaz jokatzen badu.

“Realistak eta errealistak” izan behar dugu, aldi berean, inoiz baino gehiago. “Realistak”, bihotzari jarraituta, eta errealistak, buruarekin pentsatuta. “Realistak” zaleak itxaropentsu daudelako, eta taldea gai ikusten dutelako PSG bezalako aurkari bat estu hartzeko, eta, aldi berean, “errealistak”, hain justu ere, PSG Txapeldunen Liga irabazteko dagoelako, eta talde handietako bat delako. Hankak lurrean, baina hegan egiteko esperantzarekin.