GARA
DONOSTIA

50 milioi adingabeko lekualdatu ziren 2023an, inoizko gehien

2023an bere etxea utzi behar izan zuten hiru pertsonetatik bat haurra edo nerabea zen. 50 milioi adingabe lekualdatu ziren guztira; historiako zenbakirik altuena da, Save the Childrenek jakinarazi duenez. Desplazamendu gehienak Afrikan eta Ekialde Hurbilean gertatu ziren, bereziki Sudan, Somalia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Afganistan, Myanmar, Ukraina, Etiopia, Hego Sudan, Gazako Zerrenda, Turkia eta Sirian, gobernuz kanpoko erakundeak zehaztu zuenez.

«Munduan, 73 pertsonatik bat bere etxetik urrun bizi da lekualdatzera behartu dutelako, bai gatazkengatik bai klimarekin lotutako hondamendiengatik. Batzuetan, haur bat behin eta berriz behartzen dute bere etxea uztera. Hala gertatzen da Gazan, Sirian eta Kongoko Errepublika Demokratikoan», esan zuen Save the Childreneko giza arloko zuzendari Gabriella Waaijman-ek.

Adierazi zuenez, oinarrizko zerbitzuak galtzen dituztenean eta zailtasun ekonomikoak izaten hasten direnean, «ekintza arriskutsuak egitera» bultzatzen dituzte, delituak, haur lana, sexu esplotazioa edota talde armatuetan parte hartzea.

«IA DENA GALTZEN DUTE»

«Estatistikak beldurgarriak izan arren, haur desplazatu bat ez da zenbaki bat bakarrik», ohartarazi zuen Waaijmanek. «Oso litekeena da haur hori inork ikusi beharko ez lukeen indarkeria edo hondamendiren baten testigu izatea, ezagutzen zuen guztia atzean utzi baino lehen», esan zuen.

Beren etxea galtzen dutenean, ia dena galtzen dute: osasun arreta, hezkuntza, elikadura eta segurtasun eskubidea.