Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Asperdura

Ipuinak kontatzen hasi nintzen aspertuta nengoelako. Behin haurren eskolan festa bat egin behar zela eta, ekimenak egiteko proposamenak eskatu zituzten, eta ni ipuin bat kontatzen ausartu nintzen, artean hori nola egiten zen ideiarik ez nuela. Jakina, desastre hutsa izan zen, hamarnaka haur nire aurrean eta ni ipuina kontatzen. Baina horrek harra sartu zidan eta pixkanaka kontagintzaren munduan sartzen hasi nintzen; ikasten, ikusten, gogoetak egiten, nire afizioa eta ofizioa bihurtu arte».

Charo Pita kontalari galiziarrak horrela hasi du bere hitzaldia Ozaetako Garaion Sorgingunean. Eguerdian ipuin saioa eskaini du Ahoz Aho jaialdiaren barruan; ondoren ikusleekin bazkaria, eta tertulia bere ibilbidearen gainean. Charo Pita egun Galiziako eta Estatuko kontalari puntakoena da. Idazlea ere bada; hainbat liburu kaleratu ditu, batzuk euskarara ekarriak. Ez zuen inoiz pentsatu, duela 30 urte pasa eskola hartan, ideiarik izan gabe ipuin bat kontatu zuenean, egun dagoen lekuan egongo zenik. Ikusleak izan diren bazkalkideekin izandako tertulian, bere ibilbideaz gain, bere sormen bidea eta ikuspegia azaldu ditu, nola sortu istorioak, nola prestatu ikuskariak, zer sentitzen duen kontatzean, publikoarekiko harremana. Egun batean asperdura fantastikoa bihurtu zen bere bizitza.