Jose Antonio LEKUE JAUREGI
Baserritar ohia eta pentsioduna
KOLABORAZIOA

Ni bai, egon nintzen Bilbon

Otsailaren 9an EHNEBizkaiak eta ENBA-Bizkaiak Bilbon deituta manifestazio-kontzentrazioa burutu genuen Bizkaiko baserritarrek eta elkartasuna adierazteko hurreratu ziren hainbat herritarrek. Eskualde ezberdinetatik etorritako ehun bat traktore batu ziren San Mames inguruan, ondoren Gran Vian zehar Areatzara heltzeko.

Traktoreen martxa ikusgarria izan zen; bakoitzak bere leloak zeramatzan karteletan, gehienak baserri txikiaren ereduaren aldekoak, eta honek lagundu du aspaldiko partez nekazaritza eredua eta elikadura eztabaida-zirkuitura sartzen.

Nekazaritza-eredu iraunkorra, nekazariek bizimodu duina izateko modukoa, nekazari txikien aldeko politika publikoak, erreleboa sustatzea, Europatik datozen diruen (NPB-PAC) banaketa justuagoa eta abar eskatu zuten ekitaldiaren amaierako hitzaldian.

Gaur egun, politika publikoen bidez sustatzen den nekazaritza-ereduak eragin zuzena du mundu mailan dagoen arazo larrienetako batean, klima aldaketan. Hainbat aldiz esan dugu elikagaiek, batez beste, 2.000 kilometro baino gehiago egiten dutela ekoizten diren tokitik platerera, eta horrek eragin zuzena duela arazo horretan. Eta, hala eta guztiz ere, ez du eragin handirik izan Europako politikariengan, ezta gizartearengan ere. Baina klima aldaketak suposa dezakeen krisia baretze aldera, Europa mailako mobilizazioetan parte hartu duten nekazariek kanpotik datozen produktuak ekoizteko erabiltzen diren baldintza berberak eskatu dituztenean, orduan bai, larritu egin gara.

Hala ere, kezkatzekoa da Europako nekazari batzuk Europar Batasunaren klimaren aldeko neurrien kontra agertzea. Arazoa da Europako gizarteak (Euskal Herrikoa barne) eta ezkerreko sindikatu eta alderdiek ez dutela elikadurari buruzko eztabaida sakonik burutu aspaldian, ezta hausnarketa sakonik egin ere. Eta arazo larria dena da gero eta nekazari gutxiago dagoela, elikagaiak jan beharrean produktuak jaten ari garela, mundua krisi ekologiko batean murgilduta dagoela, eta politika publiko gehienak hau eragiten duten noranzkoan doazela.

Horrexegatik, kalean egon diren nahaste, zalantza eta iritzi kontrajarriak egonda ere, Bilbora joan nintzen EHNEk eta ENBAk deituta egoera hau salatzera.

Ez nago fitosanitario kimikoak eta herbizidak erabiltzearen alde, ezta hormonaz eta antibiotikoz baliatzearen alde ere. Agroindustriaren aurka nago, eta horrexegatik nekazaritza ekologikoa sustatu beharra daukagula uste dut. Goian aipatu bezala, manifestazioko ekitaldian exijitutakoarekin bat nator.

Lan horretan ezin ditugu baserritarrak bakarrik utzi. Beste arlo batzuetan bezala, hala nola feminismoan, euskaran, pentsiodunen mugimenduan eta abarrean bezala, elkarguneak eta aliantzak bilatu beharra daukagu.

Argi izan behar dugu hau guztia lortu gura badugu, nekazariei bizi baldintza egokiak eskaini behar zaizkiela, soldatak, pentsioak, lan baldintzak...

Eta beharbada nekazariek beraiek ere gauza batzuk aldatu beharra izango dute. Sektore berri eta indartsua gura badugu, barrutik ere aldatu beharko litzateke, akaso.

Honek guztiak politika publiko garbiak eta zehatzak behar ditu, nekazariekin eta gizarte eragileekin elkarlanean bultzatuko direnak.

Azken hamarkadetako nekazaritza-politika ilun honetatik irteteko gardentasuna ezinbestekoa izango da, konfiantza berreskuratu beharko da, horretarako datu estatistikoak eguneratu, ondorioak atera, argitaratu eta ondoren neurri politikoak hartzeko.