Jon ORMAZABAL
PILOTA

Altuna: «Artolaren benetako lekua eta maila hemen dago»

Bere itzuleran, biharko partidako material aukeraketa aurkariaren aldeko aldarri irmo eta benetakoa bihurtu zuen amezketarrak, eta Ander Imazen sostengua ere izan zuen bere maila goraipatzean.

Jokin Altunarentzat orain arteko txapelketako pilotaririk onena Artola izan da.
Jokin Altunarentzat orain arteko txapelketako pilotaririk onena Artola izan da. (Jon URBE | FOKU)

Hiru astez kantxetatik at egon eta gero, printzipioz, Jokin Altunak behar zuen atzoko material aukeraketaren protagonista, baina ezkerreko eskua erabat osatuta duela baieztatu ostean, Iñaki Artolaren aldeko aldarri irmo sentitua bihurtu zuen amezketarrak ondorengo prentsaurrekoa. Lehenengo, alegiarra, «aldearekin gainera, txapelketako pilotaririk onena» izan dela adierazi zuen, eta, gero, bihar bere aurkariaren mailaren defentsa sutsua egin zuen, hitzak asko neurtuz, baina esandakoek adina esaten duten isiluneekin.

Hitzaldiaren tarte batean, min hartuta zegoela izandako zortea aipatu zuen Jokin Altunak, bera ordezkatu duen Javi Zabala «ibilbideko unerik onenean» harrapatu duelako bere ezker eskuko lesioak. Iñaki Artola ere unerik onenean ote den galdetu geniola aprobetxatu zuen amezketarrak barruan zeramana ateratzeko. «Iñakirekin hori esatea tranpa iruditzen zait, nire ustez Iñakik askotan jokatu baitu ondo pilotan. Ikusi dena da, kanpoan denbora asko egon ondoren, bere benetako lekua eta maila hemen dagoela. Hor gauza asko daude, eta gauza asko erantzungo nizkizuke horren inguruan, zuek ere jartzea badauzkazue», adierazi zuen.

Beti, baita alegiarraren unerik zailenetan ere, Jokin Altunak konfiantza handia erakutsi izan du auzotarrarekin. «Bai eta barruan gauden pilotari guztiek ere. Aurten uda guztian eta denboraldi luzean partida handietatik kanpo ikusi dugun momentuan askotan komentatu izan dugu, harrituta geunden, bere maila badakigulako zein den. Bere lekua hau da, eta espero denbora askoan izatea», aipatu zuen.

Iñaki Artola bera ezustean harrapatu zuten aurkari baina aldi berean adiskidearen hitzek. «Lagunak gara. Antzematen da, ezta? Baina ostegunera arte. Orduan bakoitza dena ematera eta irabaztera irtengo gara-eta. Baina bere iritzia hori bada, eskertzen diot hemen kameren aurrean plazaratzea. Ez dakit zer esan. Egia da azkenaldian gustura sentitzen naizela. Zaila da momenturik onena den esatea; azkenean urte batzuk badaramatzat hemen, eta lehen ere une onak izan ditudala esango nuke, baina agian kostatu egin zait jarraipena ematen, geldialdiengatik eta abar. Azken pare bat urtetan bai sentitzen naizela jarraitutasunarekin, kantxan gozatzen. Beharbada hauxe izan daiteke bolada onik luzeena», esan zuen.

IMAZEN BABESA

Haren atzelari Ander Imazi ere ezin ba gaiaz galdetu gabe alde egiten utzi, eta oiartzuarra ausart aritu zen bere kidearen alde nabarmen eginez. «Orain dela hiru edo lau urte Iñaki maila oso onean zegoen, baina azkenean gauza batzuk egon dira, igual enpresak pixka bat alde batera utzi duela».

Artolaren joko boladari erreparatu zion: «Iruditzen zait Iñakiren maila lehen mailakoa izan dela beti. Azkenean udan ere demostratu du, nahiz eta bigarren mailako partidak jokatzen ibili, nolako maila duen. Binakako txapelketan ere ikusten ari gara zein pilotari puska den. Iruditzen zait, lehen-lehen mailako pilotaria dela, bai orain, baita lehenago ere».