GARA

«Eztabaida linguistikoa amaitu dadin, beharrezkoa da testu gehiago agertzea»

Irulegiko eskuaz egindako ikerketaren ondorioak «Antiquity» aldizkarian publikatu ostean, eta gehiago ikertu behar den arren, indusketen arduradun Mattin Aiestaranek berretsi zuen euren hipotesia: «Bertako hizkuntza da». Horrekin batera, Irulegin bizi zirenez dakitenaren berri eman zuen atzo NAIZ irratian.

Mattin Aiestaran, Irulegiko eskuaren indusketa arduraduna Aranzadin.
Mattin Aiestaran, Irulegiko eskuaren indusketa arduraduna Aranzadin. (Iñigo URIZ | FOKU)

Irulegiko indusketa lanetan agertutako eskuaren inguruko artikulu zientifikoa argitaratu du “Antiquity’ aldizkariak. Irulegiko herrixkaren beraren inguruko azalpen luzea dakar, Brontze Aroaren amaierako hiribildua izan zela, Kristo aurreko XV. eta XII. mendeen artean sortua eta Kristo aurreko lehen mendera arte populatuta mantendu zena.

Bertan agertu zen noski azken urteetako aurkikuntzarik garrantzitsuena, Irulegiko eskua deiturikoa. Aurkikuntzak, ilusioa bezala, aditu askoren jakin-mina ekarri zuen berehala, alde bateko zein besteko iritzi eta hausnarketekin.

Artikuluan orain arteko azterketak sakonago azaldu dituzte. Eta azterketa linguistikoari begira, bi berritasun nabarmendu zituen Aiestaranek NAIZ irratian: hasieratik bukaerara ulertu daitekeen testu bat dela, eta hizkuntza hori «bertakoa» dela.

Xehetasunetan sartu aurretik, eskua non aurkitu zuten azaltzea garrantzitsua da ikertzailearen ustez, «suntsitua izan den etxe baten sarreran iltzaturik agertu zen, segur aski erakusgai jarrita». Brontzezko eskuak testu bat dauka, eta Aiestaranek baieztatu zuen hori dela momentuz lurraldean dagoen testurik zaharrena: «Idazkerari begira, ikusten da badela idazketa berezi bat, ez dela iberiera, baina iberieratik eratorritako idazkera bat da, beste hizkuntza bat idatzi ahal izateko».

«Beste hizkuntza baten lekukoa da. Gure hipotesia da bertakoa dela hizkuntza hori, agertzen diren idazketaren ezaugarriengatik», kontatu zuen Aiestaranek. Ez dago hain argi, ordea, bertako hizkuntza hori zer den: «Hizkuntza erabat argitzeko corpus zabalago bat behar da. Baina gure lanean maneiatzen dugun hipotesia da euskararen aurrekaria izan daitekeen zerbaitekin lotzea. Egungo euskararen amatxi da? Izeba edo lehengusina?». Eta hori argitzeko ikertzen jarraitu behar dela azaldu zuen ikertzaileak: «Lanean jarraitu behar dugu, eta berriro ere zortea ukan».

Lanak, baina, hamarkadak iraun ditzake. «Baikorrak gara. Badago testu bat idatzita. Eta bat egon daitekeen bezala, beharbada lurpean gehiago ere topa daitezke. Iruditzen zaigu beharbada hamarkadetako lanaren fruituak izan daitezkeela; eskuaren agerpena ere hala izan da», esan zuen.

IBERIAR IDAZKERA

Linguistikoki sakondu ahal izateko, testu gehiago beharko lirateke, baina Aiestaranek orain artean ikusitakoak aurreratu zituen: «Idazkerari dagokionez, sekulako berezitasuna dauka esku honek. Idazteko bi modu agertzen dira, nahiz eta idazkera bakarra izan. Batek lerroak ditu, eta gainean puntuak; bi testuek dituzten ezberdintasun txiki horren adibide bat hori da».

Bestetik, iberiar idazkerari egindako aldaketa batzuk azpimarratu zituen: «Aldaketa nabarmenak badira, eta aldaketa horiek ez dira ausaz edo istripuz eginda, nahita egindakoak dira. Lehenago aldaketa horiek hemen jaulkiak izan ziren txanponetan ikusten ziren. Horrenbestez, badu sekulako zentzu epigrafikoa. Idazkerari dagokionez, ikusten da hori beste hizkuntza bat dela, ez iberiera».

BASKOIEN HERRIA

Burdin Aroko gizartearen ezaugarri nagusiak dituen arren, esan zuen Irulegiko jendarteak berezitasunak zituela: «Irudi berezia da topatu genuena. Ez dakigu beraien buruari nola deitzen zioten. Baina Erromatarrek, kanpotik, baskoi deitu zituzten hemengo biztanleak».