Asier ROBLES
BILBO

Gazteen larrialdi egoera iraultzeko proposamenak aurkeztu ditu Ernaik

Gazteen egoeraren azterketa eta honi aterabidea emateko proposamenak biltzen dituen liburuxka aurkeztu du Ernaik. Aldarrikapen eremu ezberdinak landu ditu, eta haiei buruzko eztabaidak mahai gainean ezartzeko konpromisoa hartu du gazte antolakundeak.

«Gazteontzat bizitza duinak Euskal Herrian» dokumentua aurkeztu du Ernaik.
«Gazteontzat bizitza duinak Euskal Herrian» dokumentua aurkeztu du Ernaik. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Osasun mentala, hezkuntza, bizi ereduak, etxebizitza, enplegua, zaintza, trantsizio ekosoziala eta eskubide zibil eta politikoak; horiek dira Ernaik atzo Bilbon aurkeztu zuen liburuxkan jopuntuan jarri dituen aldarrikapen esparruak. Gazteen egoeraren azterketa eta honi aterabidea emateko proposamenak biltzen ditu “Gazteontzat bizitza duinak Euskal Herrian” dokumentuak.

Gazte antolakundeak «zibilizazio krisi» gisa izendatu duen egungo egoeraren «larritasunaz» ohartarazten du: «Azken hamarkadetan mendebaldeko gizartea gidatu duen sistema neoliberalaren agortzea gertatzen ari da. Kapitalak etekin metaketari eusteko, krisi egoera betikotzen duen berregokitzea burutzen ari da eta, bitartean, gero eta bortitzagoa bihurtzen ari da bizitzaren eta kapitalaren arteko talka».

Gainera, gazteak krisi hau «modu berezian» bizitzen ari direla nabarmendu du Ernaik, «kapitalak gazteon lan indarra gain balio ahalik handiena eskuratzeko baliatu duelako, eta gazteontzat bideratu duelako lan eskaintza prekarioena eta debaluatuena».

Baina egoera iraultzeko eta gazteen bizi baldintza duinak bermatzeko momentua ere badela adierazi du. Horretarako, «lehentasunezkotzat» kokatu dituen aldarrikapen eremu bakoitzaren inguruko analisia eta egoera gainditzeko eskakizun zehatzak egin ditu.

Osasun mentala esparru erabat pribatizatua dela salatu du, «non eskaintza publikoa gainezka aurkitzen den eta 100.000 pertsonako 6 psikologo besterik ez dauden». “Gazteria, osasuna eta ongizatea” barometroaren arabera, gazteen %37,8k arrazoi ekonomikoen ondorioz ezin izan du laguntzarik eskatu. Izan ere, psikologo pribatu baten ordu bateko kontsulta baten batez besteko kostua 60€koa da. Horren aurrean, terapia psikologiko publikoa eta duina exijitu du Ernaik, baita gaixotasun psikosozialen eta suizidioaren prebentzioa bermatzeko politikak ere.

Egungo hezkuntzak «sistema zisheteropatriarkalaren interesetan jokatzen duen paper erabakigarria» ere salatu du gazte antolakundeak, eta horren aurrean «ikasketa prozesu duina, sarbide eta prozesu doako eta unibertsala, eta hezkuntza eredu feminista, euskaldun eta burujabea aldarrikatu ditu.

Etxebizitzaren auziari dagokionez, «sakoneko krisi baten aurrean» gaudela azpimarratzen da dokumentuan. Arazoaren erroan «etxebizitza merkantzia gisa erabili izana eta honen gestioa merkatuaren logikaren arabera gauzatzea» dagoela azaldu du Ernaik, eta egoera iraultzeko hurrengo proposamenak egin ditu: parke publikoa handituz, alokairu soziala indartu; etxebizitza eredu komunitarioak eta belaunaldi artekoak bultzatu; eta gehienez diru sarreren %15 alokairurako bideratzea.

Enpleguaren arloan, duela urte batzuk langabeziaren auziak erroa hartzen zuen elementua bazen ere, egun, enplegua beraren kalitatea da oinarrian kokatu beharreko aldagaia, Ernairen aburuz. Horri aurre egiteko, «iruzurrekin era zabor kontratuekin amaitzea; gazteentzat lan poltsa publikoa sortzea; eta Euskal Herrirako lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa» aldarrikatu ditu.

Zaintzaren arloan, «egungo sistema irauli eta pertsona ororen beharrak aintzat hartuko dituen sistema baterantz trantsizioa abiarazteko unea» dela ohartarazi du gazte antolakundeak, eta horretarako zaintza sistema publiko eta komunitariorantz urratsak egin behar direla esan du.

Klima aldaketaren afera kontu isolatu bat ez dela nabarmendu du, eta «kapitalismoaren izaera estrukturalaren ondorioa» dela baieztatu du Ernaik. Besteak beste, proposamen hauek egin ditu: erregai fosilen erabilerarekin amaitu; enpresa energetikoen publifikazioa; agroekologiaren bidez elikadura burujabetza sustatzea; eta garraio publiko duina eta doakoa bermatzea.