Manex ALTUNA
ATHLETIC

Iñigo Lekueren hutsunea betetzeko aukera dute Rinconek eta Adama Boirok

Bilbao Athleticeko jokalariak diren Egiluz, Olabarrieta, Mattheus eta Ibon Sanchez ere lehen taldearekin entrenatzera igo zituen Ernesto Valverdek.

Bilbao Athleticen hamaikakoa, Alaves B-ren kontrako azken garaipenean.
Bilbao Athleticen hamaikakoa, Alaves B-ren kontrako azken garaipenean. (@ATHLETICCLUB)

Athletic atzo Betisen aurkako partida prestatzen hasi zen Lezaman. Igandean jokatuko dute norgehiagoka Sevillan, eta badirudi bigarren taldeko jokalariek deialdian sartzeko aukera izan dezaketela.

Ernesto Valverdek Bilbao Athleticeko zenbait jokalari igo zituen lehen taldearekin entrenatzera. Besteak beste, Unai Egiluz, Olabarrieta, Ibon Sanchez, Mattheus, Hugo Rincon eta Adama Boirok parte hartu dute lan saioan. Mikel Jauregizar ere lehen taldearekin aritu zen, azken jardunaldian Bilbao Athleticekin jokatu ostean.

Egiluz erdiko atzelariak Kopako lehen kanporaketan debuta egin zuen Athleticekin. Olabarrieta eta Hugo Rincon, berriz, deialdi batzuetan sartu izan dira, baina ez dute minuturik izan. Lekue min hartuta dago, eta eskuin hegaleko nafarrak haren hutsunea betetzeko aukera izan dezake. 21 urte ditu eta Bigarren Federazio maila txiki geratu zaiola erakutsi du. Defentsan hobetu beharra daukan arren, erasoan bikain moldatzen da; bi gol egin ditu dagoeneko. Rincon beste pauso bat emateko prest dagoela dirudi.

Era berean, Adama Boirok aukera izan dezake. Lehen aldiz igo da Valverderen aginduetara entrenatzera. Athleticek bi miloi ordaindu zituen neguko merkatuan, Osasunako bigarren taldeko ezker hegaleko atzelaria fitxatzeko.

LEHEN POSTUAN

Carlos Gurpegik zuzentzen duen Bilbao Athletic erraz gailentzen ari da Bigarren Federazio mailan, eta sailkapenaren buruan kokatuta daude. Denboraldia amaitzeko hamaika jardunaldi geratzen direla, zortzi puntutako aldea daukate bigarren sailkatua den Barakaldorekiko. 17 partida irabazi dituzte, bost berdindu eta bat bakarrik galdu.

Azken jardunaldian Alaves B gainditu zuten (2-1) Lezaman. Mattheus hegalekoak egin zuen garaipenaren gola. Aingeru Olabarrietak hiru gol egin ditu denboraldian zehar. Ibon Sanchezek, berriz, bi gol daramatza. Izeta da bigarren taldeko golegile nagusia; 13 aldiz zulatu du aurkarien atea. Eta Varelak sei sartu ditu.