Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Golkoko korrontea

Behin edo behin zerbait aipatu izan dut Golkoko korrontearen inguruan, baina oraingo honetan zabalago hitz egitea tokatzen da, azken egunetan horren inguruko hainbat informazio zabaldu baita sareetan. Golkoko korrontea itsas gainetik doan korronte bat da, uraren gazitasunak baldintzatuta dagoena. Korronte honek behe latitudeetako aire epelak hartu eta guregana ekartzen ditu, guri klima epela eskainiz. Ondoren artikorantz joaten da, buelta hartu eta AEBetako ekialdeko kostaldera aire hotza eramaten du. Hein batean horrek baldintzatzen du New York bezalako hiri batean, gu baino latitude baxuagoan bizi izanda, guk baino klima hotzagoa izatea.

Egun hauetan, ordea, zenbait ikerketek korronte honen ahultzea eta desagertzea azaldu dute epe ertainean. Artikotik ur gozo gehiegi sartzeak korrontea ahuldu du, honen moztea berehalakoa aurreikusiz. Zer ekarriko liguke honek guri? Ba, hitz gutxitan esanda: gure klimaren erabateko hoztea. Gure lurraldearen batez besteko tenperatura 3-4 gradu jaitsiko litzateke. Horrekin udak freskoak edo hotzak izango lirateke, eta neguak oso-oso hotzak eta elurtsuak.

Momentuz hipotesi hutsa dira eszenatoki hauek, baina honen inguruan hitz egiten hasiak badira, zerbaitengatik da. Egoera hori gertatuko balitz, ez litzateke giro izango.