GARA
DONOSTIA

«Delitutzat hartu nahi dute preso daudenen eskubideak defendatzea»

Otsaileko azken ostiraleko elkarretaratzeen harira, Sare eta Etxeratek ohar bateratua kaleratu dute «konfrontazioari eta sufrimenduari» ateak itxi eta «benetako bakeari» heltzeko garaia dela aldarrikatzeko. Emakumezko presoak ere bereziki gogoan izan dituzte, martxoaren 8ko mobilizazioei begira haien eskubideak ere aldarrika daitezela eskatuz.

Bilbon egindako mobilizazioko argazkia.
Bilbon egindako mobilizazioko argazkia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Otsaileko azken ostirala berezia da Sare eta Etxeratentzat. Izan ere, Bilboko mobilizaziotik hilabete pasa izanak hausnarketarako bidea ireki ohi du. Hala, azken ostiraleko elkarretaratzeetan 80 herritan 3.500 pertsona mobilizatu zirela jakinarazteaz batera, bi elkarteek komunikatu bateratuan gogora ekarri nahi izan zuten Bilbon preso, iheslari eta deportatuen auziak aterabide «justu, demokratiko eta behin betikoa» behar duela aldarrikatu zuela euskal gizarteak, eta argi dute eskakizun horretatik «hain urruti dagoen konfrontazioa betikotzen saiatzen diren sektoreentzat» ere ez zela «manifestazio bat soilik» izan.

Horren adibide gisa jarri zuten erreibindikazioarekin bat egin nahi izan zutenen aurka gertatu diren «jazarpen birtualak», Itziar Ituñok pairatu dituen erasoei erreferentzia eginez. Sarek eta Etxeratek egiten duten lana «kriminalizatzeko» abiatu diren dinamikak ere salatu zituzten: «Delitutzat hartu nahi dute preso daudenen eskubideak defendatzea».

«Elkarbizitzan aurrera egin nahi ez dutenen jarrera da, eta haien xedea da konfrontazioa betiko gelditzea gure bizitzetan, gero eta errepresio handiagoa eta eskubide urriagoak ekarriko lituzkeen zurrunbilo batean sartuz, ‘legea eta ordena’ ezarri eta askatasunak kentzeko», egin zuten irakurketa.

Sare eta Etxeraten jarrera bestelakoa da, ordea. «Konfrontazioari eta sufrimenduari» ateak itxi eta «elkarbizitzari eta benetako bakeari» irekitzeko garaia badela iritzi zuten eta, zentzu horretan, euren lanaren oinarria eskubide urraketa oro oztopatzea izango dela berretsi zuten.

ZAPALKETA BIKOITZA

Martxoaren 8a ate joka dugun honetan, Sarek eta Etxeratek aipamen berezia egin nahi izan zioten preso dauden emakumezkoei, «salbuespeneko legediaz», gainera, genero zapalkuntza ere pairatzen dutela nabarmenduz.

Emakume izate hutsagatik, preso hauek urte luzez «are bakartuago eta urrunduago» egon izan direla ekarri zuten gogora, «sistema patriarkalaren adierazle garbienetakoa den kartzela sisteman zigor krudelago bat jasanez».

«Salbuespeneko espetxe politikaren pean preso egoteak espetxealdia gogorrago egiten badu, emakumeen kasuan gizonentzat soilik pentsatua den eremu batean zigorra bete behar izatea gehitzen zaio», nabarmendu zuten, eta egoera hau eteteko gogoeta egitera gonbidatu zuten euskal gizartea: «Emakumeek espetxean dituzten bizi baldintzak are ankerragoak dira eta, beraz, martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartzera eta euskal preso emakumeen eskubideen aldeko aldarriak kalera ateratzera animatzen zaituztegu».

Amaitzeko, Sarek martxoaren 9an 10.30etan Araiako Andra Mari Zineman Batzar Orokorra egingo duela iragarri zuten: «Heldu da momentuaren irakurketa egin eta indarrak bilduz konponbiderako bidea jorratzeko unea!».