Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Statu quo! Quo vadis!

Ama, ama, hain ernegatuta egon naiz azken egunetan, hauteskunde hitzordua apirilaren zein 21etan izango zen… non prentsari begirada arina baino ez diodan eman. Hortaz, ez dakit ondo enteratu naizen inguru honetako munduak albiste modura zekarrenaz. Amen! Horra, kasuko, “Antiquity Journal” horrena. Itxura batean euskaldunokin lotutako artikulua eman du argitara. Hara! pentsatu dut inozo, Gernikako Estatutuaz da! Sorioneku! Bai zera, kimera! Beste kontu batez ari zen! Demontre! Noizko journal horretan Euskadiko estatus berriaren gaineko albisterik?

Euskal Herriko estatu batera bideko estatutua daukat orain buruan, ez Euskadirako statu quo! Quo vadis jelkide! Noizko “Actuality Journal”-en ateratzeko moduko paper eguneratua? Demonio! Bestera esanda, zazpiak bat, konfederatuan, Euskarazko Herrialde Bilduak (EHB) edo. Hori bai, pragmatismo eraldatzailea helbide, espazioan eta denboran, bertsolari onenen moduan Atzekoz Aurrera, betegarriak ere onargarri.

Non nengoen? A, bai, hauteskundeak! Kanpainaurrean ginen ofiziosoan, eta orain ofizialean. Matematikan gauza asko dira ezezagun, baina ez hauteskunde egunekoa, Ajuria Eneko maizterrarentzat ezezagun bazen ere. Gehiago inbertitu behar da ezagutzan, lehenda! Ez dakit izurdeak babesteko iparraldean ezarritako neurriek zenbateraino mugatuko duten hegoaldean boto arrantza, baina badaezpada sare gehienak barnealdera bideratu dira: Arabara! Zazpigarren alaba zena, begira orain!

Aniztasuna, gero, hemengo ezker penintsularrean! Elkorrekin, Errestatu, Ezker Banandua, Statu Equo. Sare gehiago eskuak baino. Eta bitartean Volkswagen eta Mercedes lantegietan traktoreak ekoizten hasiko dira. Eskerrak aldiriko trenen eskumena eskuan dugun! Geltokiak faltan orain!