Imanol CARRILLO
ATHLETIC

Betisek eta Nico Williamsek bolada ona frenatu dute Kopa aurretik

Andaluziarrek bi gol egin zituzten lehen zatian, Chimy Avilak eta Yurik, bere atean, sartutakoak. Ondoren, epaileak Nico kaleratu zuen, Yuri lesionatu egin zen eta Guruzetak lehen zatiaren hondarrean aldeak murriztu zituen. Johhnyk partida itxi zuen.

Unai Simon, etsita, Chimy Avilak Betisentzat egin zuen lehenengo gola jasotzerakoan.
Unai Simon, etsita, Chimy Avilak Betisentzat egin zuen lehenengo gola jasotzerakoan. (AGENCIA LOF)

Euria hasi zuenean Benito Villamarinen, Betisekoek eskuak aurpegira eraman zituzten kezkatuta, eta Athleticekoak alaitu egin ziren. Sevillan jokatzen zen partida bazirudien Bilbon izango zela, etxean. Baina ez zen hala izan, zuri-gorrientzat gauza negatibo gehiegi gertatu baitziren lehen zatian behintzat, eta bolada onari amaiera eman zioten.

Bilbotarrak ondo hasi ziren, aurrean presionatzen eta baloiaren jabe egin nahian. Baina 13. minutua iritsi zenean, dena okertzen hasi zen. Kontraeraso batean, Willian Josek eskuinetik erdiraketa bikaina egin zion Chimy Avilari, eta neguko merkatuan Osasuna utzi duen aurrelariak ez zuen hutsik egin. Momentu horretan partida gelditu behar izan zen, Guadalupe Porras marrazainak kolpe bat jaso baitzuen eta ezin izan baitzuen jarraitu.

Aurten andaluziarrek lehen gola sartu izan dutenean beti irabazi izan dute Benito Villamarinen. Eta bigarren gola iritsi zenean hori egiaztatu zuten. Jokaldia, kasu honetan, beste hegaletik iritsi zen. Fekirrek oso erdiraketa ona egin zion Willia Joseri, honek errematatu eta Yurik, alderatzean, bere atean gola sartzeko.

OKERRERANTZ

Bi gol jasotzea txarra bazen, are gehiago okertu ziren gauzak. Hasteko, Nico Williamsek bi txartel hori ikusi zituen jarraian, lehena falta egiteagatik eta bigarrena epaileari txalo egiteagatik. Williams anaietako gazteena bero zetorren, Betisen bigarren golean berari egindako falta bat eskatu baitzion epaileari.

Minutu batzuk beranduago, Valverdek beste ezbehar bat izan zuen. Yurik zelaia utzi behar izan zuen (Garcia Albeniz zelairatu zen). Lesioak beti dira txarrak, baina hurrengo astean Kopako partida erabakigarriaren atarian gertatzea...

Epaileak sei minutu luzatu zuen lehen zatia eta, Athleticek dena kontra zuela uste zenean, hor agertu zen Guruzeta, korner batean gola egiteko. Zuri-gorriekin kontratua luzatu eta egun gutxitara, hor utzi zuen bere zigilua donostiarrak.

Gol psikologiko horietakoa izan zen, bigarren zatiaren hasieran ez baitzen nabaritu Athletic jokalari bat gutxiagorekin ari zenik. Baina etxeko taldeak, motibazioz beterik, bere aukerak ere izan zituen, eta horietako batean, Johnnyk, areatik kanpoko jaurtiketa eder batekin, aldeak handitu zituen 67. minutuan. Kasualitatez, euri tantak gutxiagotu egin ziren Sevillan, eguerdian zeuden argi izpi batzuei pauso emanez. Betisek Reala gainditu du seigarren postuan, eta Athleticek ostegunean duen helburu garrantzitsurako prestatzen hasi beharko du dagoeneko.