GARA
GASTEIZ

Gasteizko Legebiltzarra desegiteko dekretua sinatu du Urkulluk

Iñigo Urkullu lehendakariak atzo goizean sinatu zuen, Lehendakaritzaren egoitzako bere bulegoan, Gasteizko Legebiltzarra desegiten duen eta apirilaren 21erako hauteskundeetara deitzen duen dekretua. Aurreko astean egindako iragarpenaren ondoren eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 7.c) eta 50. artikuluek ematen dizkioten ahalmenak erabiliz sinatu zuen dokumentua agintari autonomikoak.

Hauteskundeetara deitzeko beharrezko tramitea da hau. Izan ere, sinatu den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, 54 eguneko epea dago hauteskunde prozesua abiatzeko; besteak beste, tarte horretan honakoak egin beharko dira: hautesle errolda erakustea, posta bidez bozkatzeko eta botoa braillen emateko eskaera egiteko epeak irekitzea, hautagai zerren- dak aurkeztea, hautagai zerrendak aldarrikatzea, hauteskunde kanpaina, hauteskunde eguna eta beste. Kanpainari dagokionez, apirilaren 5ean abiatuko da, 0.00etan, ostiralarekin, Pazko astean, Aste Santuaren ondorengoan. Eta hilaren 19an amaituko da, gauerdian.

AURPEGI BERRIAK

Kanpaina honek arreta berezia piztu du, batetik EAJ eta EH Bilduren arteko lehia estua delako eta, bestetik, ia hautagaitza guztietan zerrendaburu berriak ageri direlako: Imanol Pradales EAJren aldetik, Pello Otxandiano EH Bilduren ordezkaritzan, Eneko Andueza PSErenean, Javier de Andres PPren aldetik eta Alba Garcia Sumarren zerrendetan. Miren Gorrotxategi izango da berriz agertzen den bakarra, Ahal Duguren ordezkari gisa.