Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren perdoiak

Denak du bere perdoia. Zeren arabera neurtuko dugu perdoia? Zer perdoi-marjina du kantu batek arrakasta bidetik urruntzeko? Galderak erraz egin ahal dira. Erantzun zehatzak eta perdoirik gabekoak nekez aurkituko ditugu. Dena da funtsezko, oinarrizko eta elementala. Soziologoek horrela ikasten duten karreran, eta gero horren arabera funtzionatuko dute. Denak balio dezake. Baita erantzunek ere.

Eta ez bakarrik soziologoek; denok erabili ohi dugu “Pantone”-aren kolore-paletako edozein tonu, inoren aurrean desegoki, eragabe edo moldegabe ez geratzeko. A-tik Z-ra doazen erantzunak erabiltzeko erraztasun trebatua dugu. Komenentzien arabera eta onuraren bila gehienetan.

Perdoiaz ari nintzen, akats-marjinari buruz. Kantua sortu duenak nekez botako dio begirada ezkorra abestiari epe laburrean (eta argitaratu bada, are gutxiago). Autobusa jarriko du atearen aurrean, edo trolebusa, inork ez diezaion golik sartu, ez diezaion inork erauntsi Amaiurko gaztelua (abestia, metaforikoki). Tronpetek erauntsiko dute, baina kantua ez da errendituko egilearen buruan, ez diote azpiraraziko sormena. Kantuak balio dio adierazteko sortutakoa balekoa dela. Gero, kanpotik etorriko zaizkio kritikak. Non dago, beraz, perdoia? Norberari fortunatzen zaion Pantone tonuan, eta beti komenentzien ahur edo zatiketara.