IRAITZ MATEO
ADUNA

Elkar estudioa Adunan: lekualdatuta, eguneratuta, eta «bihotz berarekin»

Adunan dago Elkarren estudio berria. Egungo garaira egokitu dute, baliabideak eta zerbitzuak egokiturik, baina 1983tik egindako bideari jarraitzen diote. Euskal sortzaileen eskura jarri dute estudioa, ez baitute «kaxa huts» bat izaterik nahi. Lekualdatu dute 2000. urtetik erabiltzen duten soinu mahaia ere, estudioaren «bihotza» dena, eta urte hauetako guztietako kantuak gordetzen dituena.

Adunako Elkar estudioan dago horrenbeste disko nahasi dituen mahaia.
Adunako Elkar estudioan dago horrenbeste disko nahasi dituen mahaia. (ELKAR)

Adunako Elkar diskoetxeak grabaketa estudio berriko ateak zabaldu zituen atzo kazetarientzat. Urterik urte eguneratzen joan dira, baina esentziari eusten jarraitu diote. 56 kanaleko SSL 4000 G+ mahaia da estudioaren bihotza: 2000. urtetik beraien estudioetan egon dena Adunara lekualdatzea lortu dute.

Mikel Esnal Elkar taldeko zuzendari kudeatzaileak eta Andres Camio ‘Jitu’ Elkar Musikako arduradunak eman zituzten estudio berriaren nondik norakoak. Esnalek gogoratu zuen Elkar fundazioaren helburuetako bat dela «euskal kulturaren garapenak behar dituen azpiegiturak sortzea eta Euskal Herriaren eskura jartzea», eta horri erantzunez eraiki dela estudio berria. Estudioa euskal sortzaileen eskura jartzeari garrantzi berezia eman zion, «kaxa huts bat litzateke bestela».

2023an Igaratik Adunara aldatu zen estudioa, Elkar taldeko enpresak kokatu diren tokira, hain zuzen ere. Egun 250 metro koadroko grabaketa estudioa sortu dute: grabaketa zerbitzua, edizio eta nahasketa zerbitzua, masterizazioa, ikus-entzunezkoetarakoa, audio lokuzio edota ahots grabazioak egiteko aukera, audioen berreskuratze eta zaharberritzea, eta estudio mugikorraren aukera ematen dituena.

«Azpiegitura sendo eta moderno bat» eraiki dute Camioren iritziz, eta musika zein ikus-entzunezkoekin Elkarrek duen konpromisoa berretsi dutela gaineratu zuen. Azpiegitura «kultur eragileen beharretara» egokitu dutela kontatu zuten, haren zerbitzuak argitaletxeekin, diskoetxeekin, ekoiztetxeekin eta telebistekin lan egiteko.

ESTUDIOAREN «TRIPAK»

Elkarren eraikin nagusitik alde batera geratzen den eraikin autonomo batean kokatuta dago grabaketa estudioa. Sartu orduko, Elkarrek ekoitzi dituen biniloak ikusgai daude, eta estudioaren obraren argazkiekin osatutako pareta.

Irudietan ikusten denari ahotsa jarri zion Camiok. Joan den martxoan abiatu zituzten eraikuntza lanak. Kontatu zuen grabaketarako garrantzitsua izaten dela altuera, eta ondorioz, lurrean metro bat jaitsi behar izan zutela eraikina. Irailean Igarako estudioa itxi eta bertako materiala Adunara eramaten hasi ziren.

Grabaketa aretoaren ondotik, kontrol gelara sartuta, Camiok kontatu zuenez, zailtasun handiena «estudioaren bihotza» lekualdatzea izan zen. Batetik, estudiotik ateratzeko zailtasunak zituztelako, oso handia baita; eta bestetik, lau tonako mahaia mugitzeko ardura inor gutxik hartu nahi zuelako. Baina beraien esentziari eutsi eta egungo beharretara moldatzeko Adunan egon behar zuen bihotzak, bere iritziz. Eta lortu zuten, «puntako estudioa» erdietsiz.

Urrian jada grabatzen ziharduten. Garik hil honetan plazaratuko duen disko berria bertan ekoitzi dela aurreratu zuten bisitan, eta beste hamaika musikari zein proiekturekin lanean dabiltzala kontatu.

Analogikoan zein digitalean nahasi daiteke estudio berrian, eta hori «berezitasun» garrantzitsua dela kontatu zuten. Batez ere, edizio eta nahasketa zerbitzuan emandako urratsetan jarri zuten arreta: estereoan lan egiteaz gain, Dolby Atmos formatu berrian nahasten ari dira. Teknikariaren mahaitik bertatik sumatu zitekeen ezberdintasuna, formatu berriarekin musikak inguratu egin gintuen bertaratutakoak, zinemako soinuaren kutsua emanez. Izan ere, formatu horri esker, bozgorailu ezberdinetatik ateratzen da musika, eta gailu ezberdinetara zuzenean egokitzeko aukera ematen du. Elkarreko kideak oso pozik daude emaitzarekin.