Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
PILOTA

Etxeberria eta Zabaletak leher eginda utzi dituzte Altuna III.a eta Martija

Partida txundigarria jokatu zuten lau pilotariek Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Hasierako parekotasuna lehen etenaldiaren ostean hasi zen apurtzen, Peio Etxeberriaren oldarkotasuna errematean protagonismoa hartzen joan zen heinean.

Peio Etxeberriak sekulako partida sinatu zuen, 10 tanto eginda eta 2 soilik galduta.
Peio Etxeberriak sekulako partida sinatu zuen, 10 tanto eginda eta 2 soilik galduta. (E. PORTILLO | FOKU)

Markagailua oraindik ere 6-5ean zegoenerako (Altuna eta Martijaren alde) 300 pilotakada pasa joak zituzten lau pilotariek -orotara, 674 jo zituzten, hasiera-hasieratik erritmo oso bizi eta gogorra ezarrita. Lehen tantoak 81 pilotakada izan zituen. Gorrien alde jausi zen; Altuna eta Peio Etxeberriak, eraso zein defentsa zitalarekin, batak besteari erantzun eta azkenerako, urdinen gaizki-ulertu baten ondotik, 1-0ekoa igo zen markagailura. Nolako dema zetorren ulertzeko balio izan zuen, bai behintzat lehen etenaldira arte.

Peio Etxeberria asko sartu zen jokoan, baina ongi erantzuten zion Altunak; kontrara ere berdina gertatzen zen eta, beraz, ez bikote batek ez besteak ez zuten lortu markagailuan alde nabarmena. Dena dela, gorriak lasaiago zeudela sumatzen zen.

Hiru tantoko errenta lortu zuten Altuna eta Martijak (8-5), urdinak hara eta hona mugituz, uzten zuten hutsunera pilota botata. Tanto bat lehenago, 7-5ekoarekin, nekearen nekeaz, hutsartea eskatu zuten Peio Etxeberriak eta Zabaletak. Zital zebiltzan lau pilotariak, sekulako erritmoarekin eta horrela aguantatzea zaila izango zela zirudien.

ETXEBERRIAREN SASOI ONA

Gutxika-gutxika, urdinak elkar hobeto ulertzen hasi ziren, nekeak gorriengan ere eragina izan zuen eta hala, 9-10 aurreratzea lortu zuten. Aldeko partzialak jarraipena izan zuen, 1-8koa ezarri eta markagailuan tartea irekitzeko (9-13).

Urdinen bederatzigarren tantora arte, Zenotzeko aurrelariak tanto bakarra zuen egina eta hamar egindakorekin bukatu zuen. Horrek laburbiltzen du partidaren bigarren erdia, alajaina. Etxeberria hasieratik aritu zen erasokor -«Zabaletak ere hori esaten dit, aurrerago jokatzeko eta konfiantza ematen dit»-, baina Altunak ongi erantzuten zion, kontraerasora ere ongi pasatuta. Nekearen eraginez, defentsako erreakzioa ere ahultzen joan zitzaion amezketarrari -zazpi galdutako ere pilatu zituen- eta hor egon zen partidaren gakoa; oso parekatua hasi zen dema 14-22ko markagailuarekin bukatzera eraman zuen. Deskantsu handia beharko dute laurek.