Salbuespen-egoera Haitin, kaosaren eta liskar izugarrien artean
Haitiko Gobernuak larrialdi egoera eta etxeratze agindua ezarri zituen igandean datozen hiru egunetarako, Port-au-Prince hiriburuan izandako indarkeria oldea dela eta. Izan ere, milaka presok ihes egin zuten eta kartzeletan erasoak izan dira.
Haitiko lehen ministro Ariel Henryren bulegoak adierazi zuen salbuespen egoera Haitiko hiriburua hartzen duen Mendebaldeko departamentuan ezarriko dela eta egoerak behartuta berritu ahal izango dela.
Larunbat gauean banda armatuek Port-au-Princeko espetxe zibilari eraso egin zioten eta horri esker 3.597 presok, ia gehienek, ihes egin zuten. Efe agentziak zenbatu duenez, gutxienez 15 preso hil ziren erasoaldian eta ihesaldian. Lekukoek diotenez, askoz gehiago dira hildakoak.
Ihes egin dutenek kartzelan bizi-baldintzak jasanezinak direla salatu dute. «Dutxatzeko ura ematen digute edateko eta janaria guztiz lizunduta dago», azaldu du batek.
Jimmy Cherizier “Barbecue” gerragizonak zuzentzen duen Elkarrekin Bizi talde armatuen koalizioaren eta Poliziaren arteko liskarrak areagotu egin dira joan den ostegunetik.
Jende askok etxetik ihes egin behar izan du, ez dago eskolarik eta hiriburuko ospitalerik handiena itxita dago.
Gobernua erakunde publikoen aurkako erasoen beldur da. Jauregi Nazionalak eta Croix des Bouquets izeneko espetxeak erasoak pairatu zituzten asteburuan.
2021ean Jovenel Moise presidentea bere jauregian erail zutenetik egoerak okerrera egin du Haitin, aspalditik kaosean bizi den herrialdean.