GARA
BAIONA

Epaiketaren zain, aske dira Baionan atxiloturik izan dituzten gazteak

Atxiloketak salatzeko pankartak, komisarian.
Atxiloketak salatzeko pankartak, komisarian. (Patxi BELTZAIZ)

Zenbait manifestazioari loturiko ekintzak egotzita, sei herritar atzeman zituen asteazken goizean frantses Poliziak Lapurdin. Gazte horietatik bat aske irten zen egun berean Baionako komisariatik, baina beste bost gazteei atxiloaldia atzo arte luzatu zieten.

Bost gazte horiek atzo arratsaldean gelditu ziren libre eta Baionako Auzitegi Korrekzionalean epaituko dituzte heldu den ekainaren 11n.

«Aurpegia estalirik eginiko kalteengatik», «agintaritza publikoaren aurkako indarkeriagatik» eta «Poliziak DNA laginak hartzeko eskaera errefusatzeagatik» auzipetuko dituztela jakinarazi zuen, behin atxiloaldia amaituta, Jerome Bourrier prokuradoreak.

LAU EKINTZA MOTA

Besteak beste, besta nazional frantsesa «jaiegun arrotza eta inposatua» dela salatzeko antolaturiko ekimenekin lotzen dituzte gazteak.

Zehazki, 2022 eta 2023an Donibane Lohizunen U14 kolektiboak deituriko mobilizazioetan «kalteak eragitea» egotzi die fiskalak.

2023ko uztailaren 12an, Hendaiako tren ttipian turismoa salatzeko eginiko pintadak aipagai izan ditu bere txostenean prokuradoreak, baita erretreten erreformaren kontrako mobilizazio batean Baionan izandako liskarrak ere. Finean, hainbat higiezin-bulegotan kalteak eragitea leporatu die auzipetuei.