Maite UBIRIA
HENDAIA

Berdintasuna arau izateko, inbertsio feminista aldarri Ipar Euskal Herrian

Kolektibo feministek Baionan eginiko martxan mezu azkarrak zabaldu zituzten, hala nola zaintza sistemaren inguruan.
Kolektibo feministek Baionan eginiko martxan mezu azkarrak zabaldu zituzten, hala nola zaintza sistemaren inguruan. (Patxi BELTZAIZ)

Ipar Euskal Herrian mota askotako ekimenak antolatu zituzten Emakumearen Nazioarteko Eguna kari. Mobilizazio nagusiak Baionan eta Hendaian egin bazituzten ere, Donibane Garazin, Donapaleun, Kanbon, Urruñan, Donibane Lohizunen, Azkainen edo Bokalen ere hitzorduak antolatu zituzten.

‘Emakumeengan inbertitu: erritmoa bizkortu’ izan da aurten Nazio Batuen Elkarteak proposaturiko leloa eta, hain zuzen, lelo hori astindu zuten hainbat mobilizazioetan.

Hendaian antolaturiko martxak, 18.00ak pasatxo, Gaztelu Zahar frontoitik abiatu eta Santiago zubirako bidea hartu zuen. 2018az geroztik M8 Asanblada Feminista Bidasoak hartu du eskualdeko emazteen aldarrikapenak lau haizeetara zabaltzeko ardura. Hala, Hendaiatik soilik ez, Hondarribitik ere bigarren zutabe bat abiatu zen Martxoak 8 plazatik, 17.30ean. Bi zutabe horiek Zabaltza plazan bat egin zuten, handik, irundarrekin indarrak bilduz, San Joan plaza arteko bidea egin zutela.

Indarkeria sexista salatzeko oihuen eta borroka feminista goraipatzeko kantuen artean igaro zen martxan parte hartu zuten herritarrek agintariei galdetu zieten urrats eraginkorrak egiteko.

Era berean, asanbladako kideek nabarmendu zuten gizartea erakundeen aurretik doala, hala nola «zubiak eraikitzeko orduan», beste behin ere agerian jarriz «eskualdeko emakumeak elkarrekin jokatzen dutenean indartsuagoak direla». Izan ere, Bidasoaren alde batera edo bestera jo, erakundeek garaturiko berdintasunaren aldeko politikak oso bestelakoak dira. Hain zuzen, mobilizazioaren atarian, Antxeta Irratiak antolaturiko emanaldian egoera hori hizpide izan zuten. Itziar Varela Bagera elkarteko kideak adierazi zuen Hendaiako Herriko Etxeak oraindik ere Segurtasun arloan txertatzen dituela indarkeria matxista eta berdintasun politikei dagozkien programak.

Bidasoa plataformako kide den Irene Kastezubi irundarrak eta Hondarribiko Mariaje Berrotaranek, bestalde, azaldu zuten bi herrietan abiadura desberdinak daudela emazteen aldeko politikak plantan emateko orduan.

Ñabarduraz ñabardura, politika inklusiboak garatzeko bermeak galdetu zituzten. «Diskriminazioak desagerrarazteko politika inklusiboak sustatu behar dira, eta erronka horiei aurre egiteko finantziazio publikoa behar da azkartu», laburbildu zuen Varelak.

Elkarteek eginiko akuilu lanari zor zaion egitasmo bat forma hartzen ari da Ipar Euskal Herrian. Martxoaren 6an Euskal Elkargoak Baionan duen egoitzan aurkeztu zuen Emazteen Berdintasunaren Alde kolektiboak azken hilabeteetan Emazteen Etxe bat sortzeko eginiko ibilbidea. Berrehun bat emaztek parte hartu dute egitasmo hori hezurmamitzeari begira antolaturiko inkestan.

GAZTE FEMINISTAK

Emazteen Etxea eta, oro har, berdintasunaren norabidean jauzia emateko proiektuek babesa badutela erakutsi zuen Baionako karriken gaindi iluntzean igaro zen martxak. «Emazte eta genero minorizatuek eskas dituzten eskubideak» galdegin zituzten, eragile berri baten sostengua jaso zuen mobilizazioan. M8 bezperetan aurkeztu baita Ihurtzuri gazte feministen taldea.