Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Zainak jo!

Zaintza zerbitzuak bestela kudeatuak izateko beharrak hartu ditu egunotako kaleak. Izan ere, bertsolari harena gogoan, «zaintzaren suan jartzean probatzen da zelakoa den zerbitzuen eltzea» esan liteke. Jakina, zerbitzu publikoez nago, ez zerbitzu sekretuaz! Zaindu bai, baina Nork-Nor?, Nork-Nor- Nola?, Nork-Nori-Zer zaindu? Nork-Nori-Zor?… Horra garai honetako galdetegi berritura bildu beharreko bestelako galderak. Berez, adizki sisteman atzizkiak eta aurrizkiak denak dira funtsezkoak esan nahi den esaldiaren komunztaduran. Ama! Zer eta euskaltegiko arratsak gogoan! Nonbait hasia naiz Korrikaren etorrera igartzen! Harrotu egingo nau berriro nire Herritik igarotzean… eta ni han peto-petoan petoa aldean….

Zaindu, bai, baina hainbeste dira zaintza ulertzeko moduak! Horra, artzainak ardiak; itzainak idiak, izatekotan; atezainak baloiak; erizainak ertzainek zaurituak; baina zer zaintzen dute furgonetako ertzainek? Ertza? Erdi politikoa? Erdera? Inoiz ez dut jakin. Eta nago ni erantzuna konplexuagoa dela orain lehen baino. Izan ere, oraingo manifetan alde bietan dira, kanpoan arma eskuan eta hatza kakoa laztantzeko irrikan eta barruan poltsikoko borra hedagarria askatzeko grina geldiezinean, dinbi-danba eta dzat! Psikologian pultsio-edo esaten ei dute.

Total, Marx anaien kamarote hura pasatu zait burutik. Imajinatzen nago akademiako praktika-aldian. Furgonetarako agiria atera nahian dabiltzan batzuk gela batera bildu, ondo ekipatuak, eta beste atetik infiltratu agiria atera nahian dabiltzan beste batzuk sartu. Derrepentean gelako argia amatatu egiten da, eta kronometroa hasten da bere lana egiten. Haxe bai harrabots gorgarria, pilotak bi hormatara jokatuz, danbadaka… Portzierto, nik uste nuen infiltratua nire neska-laguna zela, belaunean iaz…