GARA
DONOSTIA
EUSKAL SELEKZIOA

«Seriotasunez» jardutea eskatu du Gu ere baik

“Gu ere bai” plataformaren ekitaldi bat, 2021ean.
“Gu ere bai” plataformaren ekitaldi bat, 2021ean. (A. LOIOLA | FOKU)

Hamar egun besterik ez dira geratzen gizonezkoen Euskal Selekzioa berdegunean ikusteko, jokatu zuen azken partidatik ia lau urte igaro direnean. Marcelo Bielsak zuzendutako Uruguai izango du aurkaria, arerio benetan berezia euskaldunentzat, bi herrialdeen arteko harreman estua dela-eta.

Hala, “Gu ere bai” ekimenak bere iritzia plazaratu nahi izan du, «inflexio puntua» izan daitekeen lagunarteko honi begira. Horretarako, baina, «seriotasuna» eskatzen du. Era berean, atxikimendua erakutsi dute eta «ofizialtasunaren alde diharduten eragile guztiei» dei egiten die martxoaren 23an San Mamesera joan daitezen: «Abagune paregabea da herri bat garela eta gainerakoekin batera ofizialki lehiatu nahi dugula aldarrikatzeko».

Abagunea aproposa izanagatik ere, kontziente dira Euskadiko Futbol Federazioaren utzikeria, ofizialtasunaren bidean urrats sendoak egiteko, agerikoa izan dela azken urteetan. Gogoratu behar da, 2020ko abenduan, Durangoko asanbladatik bi urte bete zirenean, FIFA eta UEFAren egoitzara hurbildu zirela Federazioko kide eta Lakuako Gobernuko ordezkariak, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren eskabidea erregistratzera. Hain justu ere, mugimendu estrategikoa izan zen, Luis Mari Elustondoren agintetza bukatzear zegoela egin baitzuten. Urtarrilean egin ziren hauteskundeak eta Landetak hartu zuen presidente kargua. Ordutik gizonezkoen Euskal Selekzioak ez du partidarik jokatu.

«ZOKORATZEA»

“Gu ere bai” dinamikak, gainera, aurpegiratu dio, kargua hartu zuenetik ez duela herri plataformekin eta zaleekin «inolako hartu-emanik eduki» eta «nazioartean hasitako bidea zokoratu baino ez duela egin, inolako azalpenik eman gabe».

Hala eta guztiz ere, herri plataforma hau partidara begira jarri da eta Euskal Selekzioari «babes osoa» eskaini nahi izan dio, kalean zein zelaian, «betiere seriotasuna ezinbestekotzat hartuz, partidako deialditik hasita».

Bitartean eta aurrerantzean, «euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko mahaia osatzea» eskatzen du “Gu ere bai” ekimenak, lankidetza bat sustatu -Federazio, euskal erakunde publiko, klub, jokalari eta selekzioaren aldeko eragileen artean- eta «ofizialtasunaren aldeko bide orria elkarrekin diseinatzeko eta lantzeko».