Agustin GOIKOETXEA
BILBO

Bizkaiko Aldundiak hondakinen plan bat onartu du, kontrako iritziekin

Hondakinen % 70a birziklatu nahi dute. arisol RAMIREZ ı FOKU
Hondakinen % 70a birziklatu nahi dute. arisol RAMIREZ ı FOKU (M)

Bizkaiko Foru Aldundiak Tokiko Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan Integrala (BHPKP 2030) onartu zuen atzo. Plan hori Batzar Nagusietara bidaliko du, izapidetu eta onar dezaten, indarrean sartu aurretik, hamarkada honetan hondakinen tratamenduaren oinarriak ezartzeko. Leixuri Arrizabalaga foru bozeramaileak atzo Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan esan zuenez, dokumentuak «Bizkaiko Iraunkortasunerako Kontseilua osatzen duten talde politiko guztien oniritzia jaso du», baina ez dago bermatuta, oposizioko taldeak eta talde ekologistak kritikoak izan baitira.

HONDAKINAK GUTXITZEKO

Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren ondorengoa den Tokiko Eskumeneko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plan Integralak (BHPKP 2030) lehentasunezko helburutzat ezartzen du hondakinen sorrera % 15 murriztea eta sortutako 5 kiloko 4,9 berreskuratzea. Planaren helburua Bizkaiak bere hondakinen %76,61 materialki balioestea da ( %70,97 berrerabiliz edo birziklatuz eta %5,64 konpostatuz), %20,90 erraustea eta %2,49 behin betiko ezabatzea tratatu ondoren.

2020an, BHPKPRen balantzea egitean, Zero Zabor Bizkaia plataformak adierazi zuen hondakinen etorkizuneko kudeaketa murrizketan, berrerabileran eta birziklatzean oinarritu behar zela, hondakinak bereizita biltzetik abiatuta, eta bereziki azpimarratu behar zela biohondakinen kasua, «etxeko hondakinen pisuaren %40 inguru direlako»; eta egun kontuan ez hartzea kritikatu dute.