Garazi CASTAÑO
AURITZ
KORRIKA

Izpegi gaindituta, «gero arte» esan dio Korrikak Ipar Euskal Herriari

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa zeharkatu zituen atzo Korrikak, eta «gero arte» esan zien, Izpegiko lepotik behera Baztanen sartu baitzen. Azken kilometroetarako itzuliko da Iparraldera. «Azterketak euskaraz» aldarridun afixek eta kamiseta laranjek olatua sortu zuten Larzabalen. Erratzutik aurrera, «Erdiz bizirik» leloa izan zen jaun eta jabe.

Nafarroan sartu zen atzo Korrika -irudian, Elizondon- eta Iruñera iritsiko da gaur.
Nafarroan sartu zen atzo Korrika -irudian, Elizondon- eta Iruñera iritsiko da gaur. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Irun eta Hendaia batzen dituen Santiago zubia zeharkatu eta Lapurditik barna egin zuen aurreneko gaua Korrikak. Maulera iritsi eta bigarren eguna argitzen hasia zen. Xiberoots taldeak alaitu zituen; besteak beste, hiriburua zeharkatzeko uneak «biba Maule» eta «biba xiberotarrak» oihukatuz aurrera egin dute musikariek, lekukoarekin batera Palestinako bandera bat zeramatela.

Udaberri giro bete-betean iritsi ziren Korrikalariak Larzabalera, goizeko 9.25 aldean. Biseradunak eta eguzkitako betaurrekoak soinean zituztenak ugaritzen zihoazen errepide ertzean. Paisaia berdean kolore bat nagusitu zen herrira iristerakoan: laranja. Manex Erdozainzi Etxart Kolegioko ikasle, irakasle eta gurasoak ziren. Larzabaletik atera eta maldan gora hasi ziren kamiseta laranjadunak. Batzuk bidean gelditu eta errepide ertzean hartu zuten atseden. Beste askok, «Azterketak euskaraz» lelodun afixak eskuetan, lasterketari eutsi zioten.

Gamarteko gurutzean, «Brebeta euskaraz» zioen kamiseta jantzita, zain zegoen Intza, Oihan eta Haitz semeekin. Pozik mintzatu zen: «Ohore handiz hartzen dugu Korrikak aldarrikapen hau hartu izana». Gazteen presentzia handia ere azpimarratu zuen, eta etorkizunarekin itxaropentsu dela. Petoak saltzen ari zen furgonetaren ondoan zeuden Iralur anai-arrebak, gamartearrak horiek ere. Batak baxoa eta brebeta eginak ditu jada. Bigarrenak aurten egingo du baxoa: «Aurten ez dugu euskaraz egingo, baina borrokan jarraituko dugu, hurrengoek hala egin dezaten».

Korrikara batu ziren, gutxienez Donibane Garaziraino iristeko asmoz. Irulegiko Irratiaren musika eta esanak entzunez sartu zen Korrika hiriburura. Alde Zaharrean bira azkarra egin zuten korrikalariek, lekukoarekin noski, baina furgonetarik gabe. Garaziko gaztetxeak hartu zuen lehenik, Zuharpetako kaletik behera egiteko. Errepidera itzuli eta Baigorrirantz abiatu ziren.

INDARRA HARTU ETA GORA

Baigorriko ikastolako gurasoek eta AEK-ko ikasleek korrikalariak zaindu nahi izan zituzten. Elizako plazatxoan taloak egiteko tresneria muntatu eta jana eta edana eskaini zituzten. Erreka zeharkatu eta Izpegiko malda hasten da bertan. Ziur askok eskertu zutela gorputza apurtxo bat hidratatzea, mendatea igotzeari ekin aurretik.

Mendi arteko bentetan hasi zen jendea pilatzen. Gure Eskuk bertan kokatu ditu ikurrina eta nafar ikur erraldoiak. Euskal Herrian Euskaraz-ek, berriz, euskaraz bizitzeko independentzia behar dela azpimarratzen zuen banderola handia zabaldu zuen. 226. kilometroan Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko Basaizea elkarteak elkarrekin hartu zuten lekukoa. Bi herrietako gazteak elkarlanean ari dira duela hiru urtetik, mugaz bi aldeetako harremanak eraikiz, mugak desagerraraziz. Eta horretarako tresna nagusia euskara dela azaldu zuten.

Eguerdiko 13.15 aldean hasi zen laranja koloreko marea mendatearen puntara iristen. Izerdi-patsetan, baina txalo eta oihu artean iritsi ziren. Baztandarrek erreleboa hartu, eta marea arrosa bihurtu zen. Erdiz Bizirik plataformak Erdizko bazkaleku komunaletan eraiki nahi duten meatze-proiektuaren aurkako mezua zabaldu zuen Korrikan. Bertakoa zaindu beharra baita; lurra zein hizkuntza. Izpegiko lepoa mantso-mantso jaitsi zuen Korrikak, Erratzura iritsi eta Elizondotik aurrera jarraitzeko. Pirinio inguruan segitu zuen ekimenak gauean zehar, gaur Iruñerako bidea hartzeko.

BIGARREN TXANDAREN ZAIN

Ipar Euskal Herria atzean utzia du Korrikak, eta igandera arte ez da itzuliko. Kilometroz kilometro jendearen prestasuna eta gogoa argi gelditu dela azaldu zigun Ihintz Oliden Ipar Euskal Herriko AEK-ko koordinatzaileak. Korrikari hasiera ona eman zaio, bere ustean, eta orain, Baionako amaierarekin, esku artean erronka handia dutela deritzo.

Aurtengo Korrikak Azterketak Euskaraz plataforma omentzen du. AEK-k Ipar Euskal Herriko ikastoletako ikasleen bozgorailu izan nahi du, Olidenen hitzetan. «Bozgorailuari eutsi diote, probetxu ona ateratzen ari dira omenduak izateari. Eta gu oso pozik gaude». Hego Euskal Herrian aldarriak sostengu bera izatea espero du.