Arnaitz GORRITI
BILBO
SASKIBALOIA

Baskoniari eta bere buruari mesedea egin dio Bilbao Basketek, Joventuti irabazita

Denboraldiko hamargarren garaipena erdietsi zuten Ponsarnaurenek. Lau laurdenak irabazi arren, azken hamar minutuetan hautsi zen norgehiagoka.

Hlinason islandiar erraldoia, saskia birrinduz.
Hlinason islandiar erraldoia, saskia birrinduz. (Oskar MATXIN | FOKU)

Datorren igandean euskal derbia jokatuko dute Surne Bilbao Basketek eta Saski Baskoniak. Ordurako elkarri mesede eder askoa eginda iritsiko dira talde biak. Zapatuan, maila mantentzeko borrokan ari den Granadari Baskoniak irabazi ziolako. Atzo, berriz, ACB Ligako Top 8an sartzeko gasteiztarrekin borrokan ari den Joventut gainditu zuelako talde bizkaitarrak, denboraldiko hamargarren garaipena erdietsiz.

Kullamae, Hornsby, De Ridder, Adam Smith eta Hlinasonek 11 puntu edo gehiago saskiratu zituzten. Hori gutxi ez eta, lau laurdenak eraman zituen Jaume Ponsarnauren taldeak, baina azken hamar minutuei ekiterakoan lorturiko 10-2 partzialak apurtu zuen behin eta betiko neurketa. Ordurako emaitza 66-58 bazen bizkaitarren alde, partida 76-60 jarriz geroztik ez zen kolorerik izan.

Joventutek, aldiz, ez zuen itxura onik eman, atsedenaldiaz gero batik bat. Andres Feliz eta Ante Tomicen etorria bukatu ahala, errekurtsorik gabe geratu zen Carles Duranen taldea. Orotara 17 baloi oparitzeaz gain, 26 hirukotik 5 baino ez zituen sartu -27tik 12 Bilbao Basketek- eta joko fisikoagoa proposatu zuenean, berriz, hondoa jo zuen maila txukuna erakutsi zuen Bilbao Basket baten aurrean.

GOGORREAN SENDO

Aurreneko laurdenaren amaieraz geroztik Bilbao Basket aurretik joan zen, baina atsedenaldian markagailua 44-40 zegoen. Aldageletatik bueltan, Joventut saiatu zen jokoa gogortzen, baina etxekoek txanpon berberaz erantzun zuten.

Aurreneko erdian ez bezala, hirukoak sartzea asko kostatzen hasi zitzaien talde biei, baina errekurtso gehiago plazaratu zituen Bilbao Basketek eta azken laurdenaren hasierara 66-58 aurretik iritsi zen.

Zer hoberik laugarren laurdena 10-2ko partzial batekin laurdenari ekitea baino! Hlinasonek eta Adam Smithek hartu zuten bilbotarren jokoaren ardura, eta partida erabakitzen hasi zen. Hala, bere buruari ez ezik, Saski Baskoniari ere mesede galanta egin dio Bilbao Basketek, datorren igandean Saski Baskoniaren aurkako euskal derbia jokatu aurretik.