Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Errobi

Zer zaharrak garen, zein azkar doan denbora edo zenbat aldatu diren gauzak, hiru esaldi jakin, hiru aukera burutazio bera adierazteko, egunkariak eragin didana, goizean goiz, gogorarazi didanean 50 urte joan direla Errobi sortu zenetik. Eta, nostalgiak narkolepsia eragin baino lehen, ebatzi dut zientzialariaren zorroztasuna behar dudala kontua argitzeko: zer sentitu dudan, hain zuzen ere, kolpe batean pleistozenokoa bihurtu ondoren. Beraz, lehenik eta behin, datua: 48 urte pasatu eta gero, “Errobi” diskoaren gozagarritasuna (itzela Richter eskalaren arabera). Ondoren, enigma: zenbat disko ote daude inguruotan denboraren joana halako duintasunarekin eramateko gai? Segidan, aitortza: zein gazte, zein ero eta zein egoskor, baina, batez ere, zein musikari fin, behar zuten izan, mesfidantza, gaizki-ulertu eta, beste hamaika mozorro beztitzen duten, uste erreakzionarioei aurre egiteko, eta musikalki, bederen, eta euskaraz, lotsarik gabe garaitzeko. Azkenik, nork ukatuko du Errobiren jite fundazionala, euskal rockaz ari bagara (eta gutxi bai, baina ez ziren bakarrak).

Uste dut badakidala zer esan edo galdetu nahi dudan: nola demonio ez diete, oraindik, kaleren bat jarri inon, katedra bat sortu unibertsitatean, edota, gutxienez, Adarra sariren bat eman?