GARA
IRUÑEA

Merezimenduen Dekretuak euskara zapalduko duela salatu dute

Nafarroako eragile sozialetako eta osasungintzako 60 ordezkarik baino gehiagok, norbanako ezagunekin batera, agerraldia egin zuten atzo Merezimenduen Dekretuaren eduki kaltegarrienak salatzeko.

Iruñeko San Frantzisko Eskola Publikoan egindako ekitaldian, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi zuen «euskara eta euskaraz ardazten diren nafarrak mespretxatuko dituela dekretu honek. Izan ere, euskara ez da meritutzat hartuko eremu misto izendatutako lanpostu zerrenda luzean, alemana, frantsesa eta ingelesa aintzat hartuko diren bitartean». Hala, «Nafarroako Gobernuak bere betebeharretako bat alboratuko du: berezko hizkuntza den euskara babestea. Okerrago, euskaraz ardazten diren milaka nafarren existentzia bera ukatuko du».

OSASUNBIDEAN, BEREZIKI LARRIA

Irune Tubia Osasunbideko medikuak erantsi zuenez, «euskararen ezagutza Nafarroa osoan ez baloratzeak, hizkuntza eskubideen aitortzari ez ezik, herritarren osasun eta segurtasunari egiten die kalte».

Oier Sanjurjo Osasunako futbolari ohiak agertu zuen Korrikan parte hartu duen jende oldearen bidez berriro ere ikusi dutela, eta gorputzetan sentitu, nafarren gehiengoak bat egiten duela euskarak eta euskaldunon komunitateak behar duen arnasarekin. Azaldu zuenez, oraindik garaiz daude dekretua gelditzeko. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatu zion «Korrikaren bidez islatu den hizkuntz berdintasunaren aldeko gehiengo horri kasu egiteko eta guztien eskubideak bermatuko dituen dekretu bat osatzeko».