Imanol CARRILLO
EUSKAL SELEKZIOA

«Ez da jokalariak aldarrikatzeko momentua, ofizialtasuna baizik»

Aitor Fernandez atezainak eta Ander Guevara erdilariak prentsaurrekoa eman zuten atzo, Uruguairen aurkako lehiaren atarian. «Ez da partida normal bat da», azpimarratu eta festa borobila izateko irabaztera aterako direla baieztatu zuten bi jokalariek.

Jagoba Arrasate, atzo, Euskal Selekzioko jokalariei aginduak ematen Lezaman egindako entrenamenduan.
Jagoba Arrasate, atzo, Euskal Selekzioko jokalariei aginduak ematen Lezaman egindako entrenamenduan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Selekzioak hitzordu garrantzitsua du gaur San Mamesen (20.00, NAIZ Irratia). Ez da partida soil bat bakarrik, gehiago da: ofizialtasuna aldarrikatzeko festa. Halako argi esan zuten Aitor Fernandez Osasunako atezainak eta Ander Guevara Alaveseko erdilariak atzo arratsaldean, Lezaman, prentsaurrekoan.

Bi jokalariek hedabideen aurrean agerraldia egin zuten, Jagoba Arrasateren agindupean entrenamendu bakarra osatzera abiatu aurretik. Eguerdian Marcelo Bielsa Uruguaiko hautatzaileak eman zuen prentsaurrekoa eta Euskal Selekzioarena falta zen, hautatzaile bizkaitarrak deialdia jakinarazteko asteartean emandakoaren ostean.

Aitor Fernandez eta Ander Guevara oso argiak izan ziren. «Hau da ez jokalariak aldarrikatzeko momentua, beste gauza batzuk aldarrikatzeko momentua da. Hemen gauden guztiak kristoren gogoa dugu hona etortzeko. Ez da partida normal bat, ofizialtasuna aldarrikatzen dugu eta ilusio mordoarekin gaude», adierazi zuen aurten Osasunan minutu asko izaten ari ez den atezain arrasatearrak.

Ander Guevarak bide beretik jo zuen: «Oso berezia da hemen egotea, eta harro sentitzeko modukoa». «Jon (Guridi) ere etortzekoa zen, baina zoritxarrez entrenamendu batean lesio txiki bat izan zuen eta ezin izan du etorri. Beste hirurok ilusioz eta gogoz gaude hona etortzeko», gehitu zuen.

Aldarrikapenaz harago, denek nahi dute lehiakor izan eta irabazi. Are gehiago, Euskal Selekzioaren hautatzailea nor den ikusita. «Jagoba asko ezagutzen dut eta beti joaten gara partidak irabaztera, eta bihar ere hala izango da», azpimarratu zuen Fernandezek.

Gainera, beti jarri izan da mahai gainean talde honen maila. Ander Guevararentzat, «milioiaren galdera da» hori. «Denon begietan, euskal jokalarien maila oso altua da. Beti esan da euskal taldeek oso ondo lan egiten dutela beheko taldeetatik lehenengo taldeetara, eta horren erakusgarri da Lehen Mailan dauden taldeen maila. Biharko partidan zentratu behar gara eta egin den zerrenda maila altukoa da. Ahalik eta hobetoen egin nahi dugu denok», adierazi zuen Alaveseko erdilariak.

URUGUAI, SELEKZIO HANDIA

Aurrean izango duten selekzioa «beste helburu batzuen bila» dabil -Estatu Batuetan jokatuko den Amerika Kopa prestatzen-. Horregatik, «seguru nahi dutela serio eta benetako partida bat», argitu zuen Guevarak. Are gehiago, selekzio gisa Uruguai oso potentea dela azpimarratzeaz gain, hau esan zuen erdilari gasteiztarrak: «Prozesu batean daude, aldaketa asko egiten, eta, hala ere, lagunarteko berezia izango da, nortasun aldetik izaera berezia dutelako eta oso lehiakorrak direlako, eta guk berdin prestatu behar dugu».

Aitor Fernandezek ere bazuen zer gehitu: «Emaitza bezala zeozer positiboa atera nahi badugu, partida oso ona egin behar dugu. Zarata gehiago hartuko du emaitza ona ateratzen badugu».

Gaur gauean San Mamesen 30.000 zale baino gehiago espero dira. «Ezin da askoz ere gehiago esan. Lehen momentutik jendearen erantzuna ikaragarria izan da. Euskal futbolaren festa da eta zenbat eta zale gehiago etorri ospatzera, askoz ere hobeto, noski», biribildu zuen Ander Guevarak.