Nerea LAUZIRIKA
BILBO

Bilboko hilerriko sei gudariren hilobiaren lekualdatzea atzeratu dute

Unai Zabalak 600 sinaduratik gora jaso ditu, aitita zenaren eta beste bost gudariren hilobia Bilboko hilerritik lekualdatu ez dezatela eskatzeko.

Elgoibarko hilerrian den hezurtegi batera eraman nahi dituzte Paulino Beraza Madariaga, Felipe Elorriaga Larrea, Blas Larrazabal Inunciaga, Juan Zabala Loza, Ambrosio Etxebarria Uriarte eta Jose Txintxurreta Zamakona gudarien gorpuzkiak, Bilboko hilerriko panteoiko kontzesioa bukatu baitzitzaien orain dela ia bi hamarkada.

Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariarekin atzo izan zuten bileran ez zen Bilboko Udaleko ordezkaririk izan, eta instituzioarekin bilera jarri dute maiatzaren 9an. Ordura arte, behintzat, atzeratuta geratuko da lekualdaketa, Unai Zabalak GARAri azaldu dionez.

1982ko uztailaren 8an lur eman zieten ekitaldi politiko-erlijioso batekin, Pikaza familiak utzitako panteoian, uda horretan bertan aurkitu baitzituzten Zirardamendin, Elgoibarren. Sei gudariak Begoñako EAJko militanteak ziren eta Ibaizabal batailoiko Zubiaur konpainiako kideak ziren. Elgoibarren bertan hil ziren 1936ko irailaren 25ean, armada frankista geldiarazteko borrokan.

Aintzane Ezenarrok bileran azaldu zien Bilboko Udalak badaukala hilerrian bertan kolunbario berri bat egiteko asmoa, hartan ehortzi ditzaten 36ko gerran zendutako gudarien gorpuzkiak.

Zabalak azaldu zuenez, lekualdaketa hori balitz, ados egon litezke senideak, metro batzuk mugitzea baino ez litzatekeelako izango, batetik bestera ibiltzeko beharrik gabe.