Gazte udaberria
Udaberria, loratzen hasi da landatu den hazia. Ez da erraza Euskal Herrian azken hilabete hauetan bizi dugun guztia hitzez azaltzea, badaudelako hitzez azaldu ezin diren momentu eta zirrarak. 22 udaberri bizi izan ditut, 22 aldiz ikusi izan ditut loreak irteten kaletako zuhaitzetatik eta 22 aldiz sentitu dut udaberri usaia martxoan murgiltzen ari ginenean. 22 udaberri bai, baina parez pare dugunak badu bere berezitasuna.
Lau urtarok osatzen omen dute urtea, haien artean ezberdinak, baina aldi berean haien artean elkarri lotuak. Beraz, ezin dut udaberriaz hitz egin bizi ditugun aurreko urtaroak gogora ekarri gabe.
Ezin dut M8az hitz egin greba feminista orokorra eta Usurbilen bildutako indarraz oroitu gabe.
Ezin dut Korrikaz hitz egin azaroaren 4an Bilboko kaleak hartu genituen 70.000 pertsonak burura ekarri gabe.
Ezin dut herriaz hitz egin «nazio bat gara» autonomia kaleko oihuek sortutako indarra aipatu gabe.
Eta noski, ezin dugu honen guztiaren inguruan hitz egin gazteok bertan eduki dugun papera aipatu gabe. Hor egon gara mobilizazio ziklo bat ireki eta nazio susperraldian aurrerapen esanguratsuak ematen. Herri mugimenduko espazio ezberdinetan lanean ibili gara, sustatzaile eta motor izaten. Finean, herri honek baditu bere berezitasunak. Aldaketarako herri gogoa suma daiteke Euskal Herriko kaleetan, konpromisoz eta ilusioz beteriko milaka pertsona gabiltza egunero txikitasunetik handitasunera herri hau eraikitzen.
Eta horrek guztiak badu emozio eta sentimenduetatik, sekulako potentzial politikoa baitute. Tatxers-en abesti bateko letra zati batean antzeman dezakegu herri hau eraldatzeko anbizioa, «Esan zer dagoen etorkizuna eraldatzea baino ederrago, nonbait balego», edota bertso baten azken koplan. 2024ko Bizkaiko bertsolari txapelketako azken agurrean Oihana Bartrak argi utzi zuen herri honen sen komunitarioa, herrigintza gure DNAn txertatua daramagula, eta aitortza egiten zien antolatzen diren gazte, errebelde, ameslari eta sentiberei. Nik gaurkoan arreta hor jarri nahi nuke.
Gazte udaberriaren inguruan hitz egiten hasiak gara, baina zertaz ari gara? Zerk ezaugarritzen du gazte udaberria? Nola izenda genezake? Milaka galdera, eta oraindik erantzunen bila nabil.
Erantzunen bila nabil herri honek galdera berriak eta erantzun berriak behar dituelako, eta guzti horretan gazteok ezinbesteko papera dugu.
Gaztetasunetik erantzun diogu ikasturtearen lehen zatiari eta gaztetasunez, anbizioz eta askatasun grinaz marraztu nahi dugu udaberria. Milaka lore ateratzen hasiko dira laster Euskal Herriko kaleetan barrena eta guk gure hazia landatu dugu jada.
Ipini dugu hazia hezkuntza feminista baten aldeko borrokan, ipini dugu hazia gazteon bizi baldintza duinen aldeko proposamen desberdinak garatzen, ipini dugu hazia gaztetxeetan, ipini dugu hazia herri hau euskalduntze bidean... Finean, milaka gazte konprometituk bakoitzak bere espazioetatik eta kolektiboki ipini dugu hazia, loratu dadin Euskal Herria.
Gure belaunaldiak funtzio garrantzitsua du egungo fase politikoan: anbizio berrituarekin askapen prozesua elikatzea eta indartzea. Amesten dugun Euskal Herri libre eta euskalduna marraztea.
Herri erronka potoloa dugu parez pare, belaunaldi gisa markatuko gaituen erronka. Apirilaren 21ean gazte bozka ezkertiar, feminista, euskaldun eta ekologistaz beteko ditugu hautetsontziak. Berriz ere erakutsiko dugulako gazte bozka EH Bilduren aldeko bozka dela eta gu, gazteok, garela aldaketarako bermea. Finean, orainean etorkizuna idazten dugun gazteon bozka izango da aldaketarako bermea.
Martxoaren 29an eta 30ean Lezo eta martxoaren 31n Iruñea gazte independentistez beteko ditugu. Egun horietan zehar aukera paregabea izango dugu askapen prozesuan eztabaida berriak irekitzeko, gutasun berriak sortzeko, eta, batez ere, galdera guztiak non dauden bilatzeko. Askotan hor baitago gakoa.
Itsutu egiten gara eta erantzunen bila ibiltzen gara buru-belarri, baina nik galdera egokiak egitearen garrantzia ekarri nahi nuke erdigunera. Galdera egokia aukeratzea askotan ez da erraza izaten, baina ohartu gabe galderen bila erantzun pila aurkitzen ditugu.
Aurtengo udaberriko ekimenean galdera berriak mahai gainean ezarri nahi ditugu; gorputz, bizipen, espazio eta ikuspegi ezberdinak egongo dira bertan eta potentzialitate hori baliatu nahi dugu ziklo politiko berrian paragrafo berri bat idazten has gaitezen.
Aurreko ikasturtean bizitzeko modu berri baten aldarrikapena jarri genuen erdigunean, eta aurten, berriz ere, bizitzeko modu berriak asmatzen ibiliko gara. Lantzen diren edukietatik egiteko moduetara, goizean goizeko aisialdi eskaintzatik gaueko ordu txikitan dantzatuko dugun perrora arte. Milaka begirada konplize, milaka bizipen, miliaka historia... milaka gazte zoro desio dugun Euskal Estatua eraikitzen, amesten eta gorpuzten.
Gazteon neurrikoa izango den herri bat nahi eta behar dugulako eta Lezon amesten dugun utopia bizitzeko, gogoz eta grinaz ekin diogu udaberriari.
Erronka potoloak ditugu aurrean, baina ez gara hutsetik hasi. Eta nik ere landatuko dut herri honen eta gazte udaberriaren aldeko hazia.
Altxatu herria!