Maddi TXINTXURRETA
GAZTEON ESKUTIK EKIMENA

Etsipenik gabe, Lezon loratu da «gazte frontea»

Milaka gazte elkartu ziren atzo Lezon (Gipuzkoa), Ernaik antolatu duen Gazteon Eskutik ekimenaren azken egunean eta gaur Iruñeko Aberri Egunera egin bezperan. Ziurtatu zuten Euskal Herriko militante belaunaldi gazteek alternatiba errealak dituztela plazaratzeko eta, beraz, eztabaida politikoan zuzenean eragin dezaketela sinisten dute.

Ernaik Lezoko industriagunean prestatu zuen Zaratagunean egin zen ekitaldi nagusiko irudiak.
Ernaik Lezoko industriagunean prestatu zuen Zaratagunean egin zen ekitaldi nagusiko irudiak. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Gazte fronte bat osatzera goaz, gure ahotsa eztabaida politikoaren erdigunean jartzeko, baina baita bestelako Euskal Herri bat posible dela erakusteko ere. Dena aldatuko duen belaunaldia da gurea». Konbentzimendu hori adierazi zuen Ernaik antolatu zuen Gazteon Eskutik ekimenaren bigarren egunean, eta horixe bera erakutsi zuen Lezora egin zuen gazte-oldeak, herria loretan uzteraino.

Tarteka zakar izan zen giroak ez zuen mikaztu gazteek gazteentzat -antolatzaileen arabera, 1.000 pertsona baino gehiagok egin zituzten txandak- sortutako egitasmoa; eta euriz baino gehiago, herri osoan zabaldutako guneetan eskaini zituzten mahai-inguru eta hitzaldien ideiekin blaitu ziren. Mintzagaiak, denetarik izan ziren: Palestina, eskuin-muturraren mehatxua Europan, pornoa, desira eta moralari buruzko eztabaida… urteroko Gazte Topaguneak, Gazteon Eskutik izatera mudatu den honetan, egunak galdu ditu, baina ez edukia.

Arratsaldean, Gazteon Eskutik topaketaren ekitaldi zentralera txarangaz lagunduta joan zen jendetza. Zaratagunean jarritako karpan oihal erraldoi bat jaurti zuten goitik behera: lore bat erakutsi zen, negutarra, artean esnatu gabe zena. Agertokitik adierazi zuten gazteek ere izan dezaketela sentsazio hotz hori, ez baita erraza ikasketak, lana, espektatibak eta presioak kudeatzea, ezta salbuespenez amari lapurtutako orfidalarekin ere. Testuingurua ere zaila da, Palestinara ala hiru hilabete eskasean 17 langile galdu dituen Euskal Herrira begiratuta ere.

Baina lokatzetan ibiltzeko prest ziren gazte independentistak, «Euskal Herri libre bat posible dela sinisten duten inurriak», eta loretan utzi zuten Lezo: tenkatu zuten beste oihal bat, behetik gora ordukoan, eta erakutsi udaberrira irekitako lore bat.

EGITEA DA POLITIKA

Iluntasunera etsitzeak ez du zentzurik; gazte hauen ustez, argia egiteko indarra badago. Ideia hori nabarmendu zuen atzo arratsaldean, gerora kontzertuak -Hofe x 4:40, Tribade eta DJak besteak beste- eta festa hartu zituen Aterazarata gunean, Ane Alava bozeramaileak. «Gris marraztu digute etorkizuna, gure mundua, baina guk argi utzi nahi dugu udaberria eta aldaketaren aroa behin eta berriz loratzeko gai garela!», ziurtatu zuen.

Milaka gazte batu zen industria-gunean prestatutako espazio handira Gazteon Eskutik topaketaren ekitaldi nagusia aditzera, nahiz eta euskal presoak falta ziren; bereziki, epaitegi espainiarren aginduz espetxeratutako Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrak hartu zituzten gogoan.

Hala, energia eta ahalduntze txute beharrezkoa hartu zuen gazteriak Lezon, ez baitituzte garai onak bizi, segurtatu zutenez. Prekaritatea, borrokaren kriminalizazioa, inposatutako espektatibak betetzeko presioa… maila batean edo bestean, gazte langileek konpartitzen dituzten ezaugarriak dira, Ernaiko eledunak agertu zuenez. «Eliteak, elite izaten jarraitzeko, beste batzuk zapaldu beharra du. Kapitala ahalik eta gehien metatzeko esplotatzen gaituzte, gazteon bizitzak arriskuan jartzeraino», ohartarazi zuen.

Lehia, beraz, bizitza eta kapitalaren kontrakoa dela argi du Ernaik, baina ez deritzo nahikoa alternatibak proposatu gabe errudunak bilatzeari. Erantzuleak seinalatu bai, baina batez ere «aldaketak eragitea» da politika, beraien ustez. «Guztion gizartea guztion onerako antolatzeko ahalegin kolektiboa da politika», berretsi zuen Alavak.

JAUZIAK

«Guk, lagunok, herri bat daukagu eraikitzeko», bota zuen hizlariak zabalgunearen aurrera. Duin biziko den herria dute itu, bizigarria, eta halako Euskal Herri bat eraikitzeko alternatiba «zehatzak, errealak eta egingarriak» dituzte, baietsi zuen. «Ez gara konformatzen espainiar Estatuaren, EAJren eta PSNren ogi apurrekin. Argi dugulako zer den duintasuna gazteontzat; argi dugu ez dela bikote heteronormatibo batekin etxe bat erosteko 8 ordu lan egin eta bizitza osoan ordaindu ezingo dugun hipoteka bat izatea», adierazi zuten.

Horren partez, herri bezala jauzi bat egiteko momentua dela iritzi diote, «eta ez edonolakoa». Jauzi hori kalean bai, baina instituzioetan ere eman behar dela argi dute. Aldaketa horretan bultza egiteko «gazte fronte» baten gisara jokatuko dutela aurresan zuten, gazteen ahotsa «eztabaida politikoaren erdigunean jartzeko».

Eta konbentzituta daude berehala etorriko dela aldaketa, apirilaren 21eko Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EH Bildurekin: «Irabazlea izango den proiektu baten parte gara, eta ez soilik datozen hauteskundeetan boto gehien lortuko duen proiektuaren parte garelako, baizik herritarrak eta haien bizi baldintzak irabazle ateratzen direlako ezker independentismoa kalean eta instituzioetan dagoenean».

LORRATZA; LOKATZA

Proiektu erreala duela sinisten du Ernaik, nahiz eta ez dion uko egiten utopiaren lorratzean ibiltzeari. «Utopikoen saga bateko kide gara -balioetsi zuten-. Euskal Herriarekin amesten zuten gau eskolako ikasle eta irakasleen, Sartagudako alargunen, intsumisioaren bidea aukeratu zutenen oinordekoak, Martxoaren hiruko borrokalarienak, Euskaldunakoenak, baita greba feministako etxeko langileenak ere. Urtero Bilboko kaleak hartzen dituztenak gara, presoen alde, baina baita gure nazioaren aldarrikapenaren alde ere; herri galdeketetakoak eta giza kateetakoak gara. Eta gu gara, bihar, Euskal Herri independentea lortuko dugunak!»

Bide hori berdin ibiliko dute lokaztuta badago ala ez. «Urteak daramatzagu borroka den lokatz putzu erraldoi honetan sartuta. Inongo gazte zapaldurik biziko ez den Euskal Herri sozialista eta feminista errealitatea izan dadin lanean. Loratu dezagun, beraz, udaberria, eta eraman dezagun herri hau askatasunera!»

Energia hartuta, festaren biharamuna ere bidea egiten emango dute gazteek, gaur, Iruñeko Aberri Egunean.